GARA
IRuñea

Bisitarik gabe ere, presoak presente izango dituzte elkartasun saio berezian

Euskal presoen senideek espetxeetara bisitan joateko aukerarik ez dutela-eta, hotza arintzeko asmoz Sare eta Etxerat saio berezi bat prestatzen ari dira gaurko. Ordu erdiko saioa izanen da. Sareren Facebookeko kontuan emanen dute, baita Hamaika Telebistan ere, 19.00etan.

Asteburu honetan euskal presoek ezingo dute bisitarik izan, baina presente egonen dira konfinamenduan dauden senide eta herritarren etxeetan. Horixe da Sare eta Etxerat antolatzen ari diren ekimenaren asmoa. Saio berezi bat prestatzen ari dira, gaur, 19.00etan, Sareren Facebookeko kontuan emanen dutena, baita Hamaika Telebistan ere.

Sareko kideek GARAri jakinarazi diotenez, 30 minutu inguruko saioan, alde batetik, hainbat senideren esperientziak bilduko dituzte. Bereziki gaixo larriei, adinekoei, motxiladun haurrei eta bakartutako presoei begiratuko diete.

Senideen ahotik jakinen dugu nola dagoen presoa, nola eragiten dioten koronabirusa dela-eta hartu diren neurriek eta zein kezka dituzten bai barrukoek eta bai kanpokoek.

Ane Labakak bertso batzuk kantatuko ditu gai horiek aipatuz, eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak irakurketa labur bat partekatuko du. Bestalde, kultur munduko hainbat artistak elkartasun mezuak bidaliko dituzte, ipuin, abesti edo poema eran. Gero, 19.30etik aurrera, herritarren txanda izanen da.

«Etxetik senideei gure goxotasuna transmititu eta salbuespen legediarekin amaitzeko aldarriak sareetan zabaltzeko deia luzatzen dugu. Aldarri, mezu, marrazki... bat paperean idatzi eta argazkia ateratzera gonbidatzen ditugu herritarrak, ostean, euren sare sozialetan zabaltzeko, #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiliz. Bestelako bideo, abesti, bertso, dantza erakustaldi eta abar egitera animatzen den oro ere bere goxotasuna eta aldarria zabaltzera animatzen dugu».

Espetxeetan, okerrera

Arrosa Sareko “Zebrabidea” saioan egindako elkarrizketa batean Etxerat taldeko Urtzi Errazkinek azaldu duenez, espetxeetan bizi duten egoerak nabarmen okerrera egin du koronabirusa dela-eta. «Gizarte osoa etxean konfinatuta dagoen momentu hauetan pentsa dezagun konfinamendurik latzena espetxeetan gertatzen ari dela. Lehendik ere kartzelan egotea konfinamendu gogorra zen, baina krisi honek espetxeetan izan duen lehen ondorioa bisitak bertan behera uztea izan da. Kanpokoekin zuten harreman hori eten diete», azaldu zuen.

Alde horretatik, espetxe barneko bizimodua are latzagoa bilakatu dela nabarmendu zuen Errazkinek. «Zer egin duten horren aurrean? Pixka bat lasaitze aldera telefono dei kopurua pitin bat handitu diete. Lehen zortzi-hamar izaten zituzten eta orain dozena bat izango dituzte. Ez da beste munduko ezer eta horren inguruan hainbat eskaera egin ditugu», esan zuen.

Herritarrei koronabirusaz ez kutsatzeko neurri ugari betetzeko eskatzen zaien bitartean (distantzia mantentzea, higienea...) kartzela barruan ezin dituzte neurri horiek bete, Errazkinek salatu zuenez. «Hori guztia betetzea ez dago beren esku, Estatuaren betebeharra izan beharko litzateke».

«Legea aplikatuz gero, gaixotasun larriak dituzten presoek eta 70 urtetik gorakoek kalean egon beharko lukete. Legeak esaten duelako eta gauden egoeran, gainera, edozein momentutan gaixotu eta hil daitezkeen presoak direlako. Beste hainbat neurri har daitezke ere prebentibo dauden presoentzat, baimenekin ateratzen direnentzat edo zigor txikiak dituztentzat. Horiek kalean beharko lukete», gaineratu du Errazkinek.