Chourraut, dokumental bateko protagonista
Azken ziklo olinpikoari nola aurre egin dion agertzen du, Rioko urretik Tokiorako txartela lortzera artekoa.

Basque Team-en beka jasotako Maialen Chourraut piraguista da “Beldurretan arraunean” dokumentaleko protagonista. Iñigo Asensiok zuzendu du lana eta Korima Films-ek Traolarekin eta EiTBrekin ekoitzi du. Filmaren aurrestreinaldia martxoaren 27an egitekoa zen, Donostiako Aquariumen, baina bertan behera geratu da, koronabirusaren hedapena dela eta.
Horren ordez, pertsona gutxi batzuk (kirolariak, babesleak eta erakundeetako kideak) gonbidatuko dituzte gaur, online, dokumentalaz eta ondorengo solasaldiaz goza dezaten. “Beldurretan arraunean” lanak 2016an txapeldun olinpikoa izan zen eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen Lasarte-Oriako piraguistaren alderik ezezagunena erakutsiko digu. Chourraut, duela lau urte, banakako kirol batean metal preziatuena lortu duen lehen euskal kirolaria bihurtu zen.
Gerora, Rio de Janeiron domina irabazi zuenetik Tokion lehiatzeko olinpiar txartela berriro lortu arteko prozesua ez da batere erraza izan. Bidenabar, arazo fisikoei aurre egin behar izan die Maialenek, baita barneko beldurrei ere, eta horietan sakontzen du berak dokumentalean. Horietako batzuk umetatik dituen beldurrak dira, eta beste batzuk, bizitzaren gorabeherek eragindakoak, beste alderdi batzuk, amatasuna adibidez, maila goreneko piraguismoarekin uztartu behar izateagatik.
«Dokumentalean ikusiko duzuen Maialen hori ni naiz. Kanpotik ez dakit ze Maialen Chourraut ezagutuko den, baina hau da barruko, eguneroko Maialen Chourraut», adierazi du txapeldun olinpikoak.
63 minutuko dokumental honetan, Iñigo Asensio zuzendariak modu intimistan jasotzen ditu Maialenek berak egindako adierazpenak. Piraguistaren testigantzekin batera, bere inguru hurbileneko beste lekukotza interesgarri batzuk jasotzen dira, hala nola, bere senar eta entrenatzaile Xabier Etxanizenak, bere amarenak eta haurtzarotik lagun izan dituen zenbait piraguistarenak.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
