GARA
DONOSTIA

Greba Amazonen, AEBetan; merkatarien errezeloa, gurean

Joan den astean agerrarazi zuten Euskal Herriko merkataritza elkarteek beren kezka online sistema bidez funtzionatzen duten salmenta eta banaketa enpresek jo eta su lanean segitzen dutelako, alarma egoera indarrean egonagatik. Zehazki, agintariei eskatu zieten «gehiegikeria sanitario eta sozial hori» gera dezatela.

Foru aldundien, Lakuako Gobernuaren eta Espainiakoaren ateak jo ditu Euskaldendak federazioak, «neurri eragingarriak indarrean jar» ditzaten Internet bidezko salmentak geldiarazteko bidean, lehen mailako beharrei erantzuteko produktuak ez diren kasuetan. Dei bera egin die Gasteizko Legebiltzarrari, alderdi politikoei eta sindikatuei. «Zehaztu gabeko jatorri eta manipulazioa duen paketeria batera eta bestera ibiltzea eragotzi behar dugu; izan gaitezen kontsekuente eta gera dezagun gehiegikeria sanitario eta sozial hau», adierazi du prentsa oharrean Arabadendak, Bizkaidendak eta Gipuzkoako Denonartean elkarteak biltzen dituen federazioak.

Gehiago ere esaten du, ordea: «Ezezkoa eman behar diogu pertsonak justifikaziorik gabe batera eta bestera ibiltze horri, paketeak gure etxeetara eramanez, gure txirrinak joz, gure sotoetako ateak ukituz eta irekiz, gure eskaileretan eta igogailuetan gora eta behera ibiliz, gure bizilagunekin topo eginez, etxez etxe eta lurralde osoan».

Salmentak eta banaketak online egiten dituzten kate handi horien eraginari buruz zabalago mintzatu da Les Amis de la Terre elkarteko ordezkari Alma Dufour Mediabask-i eskainitako elkarrizketan (NAIZen gaztelaniaz dago jasota). «Amazonen erosteak guztioi egiten digu kalte eta langileak arriskuan jartzen ditu», azaldu du.

Protesta, Amazonen aurrean

Hain justu, salerosketa elektronikoko konpainia handi honen jabegoa den Whole Foods supermerkatu kateko langileek greba hasi zuten atzo Ameriketako Estatu Batuetan. Protestaldiarekin, koronabirusaren krisi betean, beren lan baldintzak eta osasuna direla-eta duten kezka azaldu nahi dute. Sektore honen ezaugarri nagusietakoak dira soldata txikiak eta prekaritatea.

Elikagai biologikoekin egiten du lan, nagusiki, Texasen egoitza duen Whole Foods-ek. 500 bat saltoki handi ditu irekita herrialde osoan eta Amazonek 2017an erosi zuen. «Amazoni eskatzen diogu beharrezko baliabideak jar ditzala gure esku segurtasun erabatekoarekin lan egin dezagun. Covid-19 sekulako mehatxua da gure langile eta bezeroentzat», ohartarazi du Whole Workers sindikatuak, protestaren nondik norakoak azaltzerakoan.

Osasun mailako ekipamenduak nahi dituzte, eritasun baja ziurtatzea kutsatzea gertatuz gero, soldata bikoitza «arrisku egoeragatik» eta lantokia ixtea langileren bat kutsatuz gero.