B.Z.
Donostia

Nafarroan EAEn baino test gehiago egiten da milioi biztanleko

Nafarroako Gobernuak lehenengo aldiz eskaini zuen atzo martxoaren 11tik aurrera egindako test kopuruen zerrenda. Orain arte, Euskal Herrian EAEk soilik eskaini izan ditu datu horiek, eta esan beharra dago oso administrazio gutxik –Italia eta Hego Korea dira salbuespen nabarmenenak– eskaintzen dutela informazio hori egunero. Datu horrek koronabirusaren pandemiari ematen zaion erantzunaren jarraipen zehatza egitea ahalbidetzen du, behintzat Hego Euskal Herrian.

Nafarroan, martxoaren 11tik atzo arte 7.030 test egin ziren denera. Horrek esan nahi du milioi biztanleko 10.751 proba egin direla azken asteetan. Epe berdinean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 19.678 test egin ziren guztira. Biztanleria, ordea, askoz handiagoa da EAEn. Hortaz, milioi biztanleko ratioa 8.993 probatan geratzen da, Nafarroako kasuan baino ia 2.000 gutxiago.

Grafikoan ikus daiteke bi administrazioetan egindako test kopuruaren bilakaera, egunez egun. Soilik hiru egunetan gainditzen du EAEk Nafarroa egindako proba kopuruan.

Kasu gehiago Nafarroan

Nafarroan test gehiago egiteak azaldu dezake, neurri batean behintzat, herrialde horretan biztanleko kasu gehiago konfirmatu izana. Izan ere, Nafarroan 455 positibo topatu dira 100.000 biztanleko. Ratio hori, ordea 374 kasura jaisten da EAEn.

Iñigo Urkullu lehendakariak berak aurreko ostegunean esan zuenez, «zenbat eta test gehiago egin, orduan eta pertsona gehiago identifikatzen dira positiboarekin».