Iker BIZKARGUENAGA
BILBO

Asteburua tartean, positibo berrien kopurua itxialdiko txikiena izan da

Koronabirusak kutsatutako kasu berrien informazioari dagokionez, asteleheneko datuak kontu handiz hartu behar direla agerian geratu da aste hauetan guztietan, alde batetik, asteburuan test gutxiago egiten direlako, eta bestetik, datuak jasotzean baten bat airean geratu ohi delako. Horregatik, normala izaten da asteko lehen egunean positibo kopuruak behera egitea, eta hurrengoetan berriro ere igotzea. Baina, hori horrela izanda ere, nabarmentzeko modukoak dira atzo Lakuako eta Iruñeko gobernuek emandako zenbakiak; izan ere, PCR probak kontuan hartuta, 30 positibo baino ez baitziren zenbatu igandean, martxoan itxialdia hasi zenetik jasotako kopururik txikiena. Horietatik, hamasei Nafarroan zenbatu ziren, kasu gehien izan zuen herrialdea, eta gainerakoak, beste hiru herrialdeetan.

Test azkarrak kontuan hartuta egoera bestelakoa da. Izan ere, antigorputzak aztertzen dituen proba horrek beste lau kasu baino ez zituen azaleratu igandean Nafarroan, eta, aldiz, EAEn 50 izan ziren zenbatutako kasuak, Osakidetzak emandako datuen arabera.

Proba guztiak –PCRak eta test azkarrak– aintzat hartuta, 89 kutsatu berri zenbatu ziren igandean Hego Euskal Herrian. Arabak izan zituen positibo gehien, 29, eta ondoren, hurrenez hurren, Nafarroak (20), Bizkaiak (18) eta Gipuzkoak (2). Aipatzekoa da herrialde honetan larunbatean ere oso kasu gutxi izan zituztela, lau besterik ez.

Oso test gutxi asteburuan

Esan bezala, zenbaki hauen arrazoietako bat igandean egindako proba eta test azkar kopuru txikia da. Adibidez, iragan ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.000 proba baino gehiago egin ziren, 5.183 PCR eta 5.882 test azkar edo serologiko. Igandean, aldiz, ez ziren 2.000 heldu: 1.152 PCR eta 569 test azkar bakarrik. Beraz, ia zazpi aldiz gutxiago. Horrek, noski, eragina izango zuen, eta ikusteko dago hurrengo egunetan zenbat kasu zenbatzen diren. Edonola ere, ematen du bilakaera positiboa dela eta astetik astera kasu gutxiago daudela.

Ildo honetan, iragan asteburutik beste aldagai bat sartu zen ekuazioan, itxialdia leuntzearekin batera egun hauetan milaka eta milaka lagun lehen aldiz atera baita kalera kirola egitera, edo, besterik gabe, paseoan ibiltzera. Eta ikusi beharko da egoera berri honek zer eragin izango duen, hots, kutsatu kopuruak berriro gora egiten ote duen. Horretaz jabetzeko, dena den, aste pare bat pasatu beharko da.

Azken finean, adituek ia egunero adierazten dutenez, oraindik urrun gaude osasun krisi hau erabat kontrolpean izatetik.

Gaixo gehiago ospitaleetan

Horren erakusgarri da zenbatutako azken bi egunetan ospitaleetan artatzen ari diren gaixo kopurua igo egin dela. Larunbatean 19 pertsona gehiago egon ziren ingresatuta, eta igandean beste hamar lagun sartu ziren zerrendan, lau Nafarroan eta beste sei Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Aurreko astean antzeko zerbait gertatu zen, igandean eta astelehenean ospitaleratutako jende gehiago egon baitzen, aurreko egunetan baino, baina asteak aurrera egin ahala ospitaleek husten jarraitu zuten.

Bestetik, zaintza berezietako egoerak hobera egiten jarraitzen du, nahiz eta asteburuan izandako aldaketak txikiak izan diren. Larunbatean ez zen mugimendurik izan, eta igandean hiru lagunek utzi zituzten ZIUak.

Oro har, gero eta lagun gehiago dira koronabirusa igarota sendatuta daudenak edo, behintzat, ospitaleko sendagiria jaso dutenak. Nafarroan 2.411 lagun erabat sendatuta daude dagoeneko, Osasunbideak atzo emandako datuen arabera. Osakidetzak, aldiz, sendatutakoak eta ospitaleko alta jaso dutenak multzo berean sartzen ditu, eta atzo 12.155 pertsona zenbatu zitezkeen, gaixotasuna izan dutenen %74,8. Hemen ez dira sartzen koronabirusa izan arren diagnostikatuak izan ez diren pertsonak; sintomak izan arren probarik egin ez dietelako, edo sintomarik izan gabe gaitza beraiek jakin gabe igaro dutelako. Hauek zenbat diren jakitea zaila da, baina oso lagungarria izango litzateke, talde-immunitatea izateko, adibidez, ezinbestekoa baita jende askok dagoeneko gaitza igarota izatea.

Askoz gutxiago izan arren, tamalez, asko dira Covid-19ak hil dituen euskal herritarrak ere. Igandean beste hamasei izan ziren, eta dagoeneko 1.819 dira Euskal Herrian zendutakoak.