Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

«Hondartza dinamikoak», maiatzaren 11tik aitzina?

Edouard Philippe lehen ministroak Estatu frantseseko hondartzak ekainaren 1era arte itxiak izango direla iragarri zuenetik, gero eta gehiago dira kostaldean kirola egiteko aukera baimendu beharko litzatekeela eskatzen duten ordezkari politiko eta erakundeak.

Maiatzaren 11tik aitzina Estatu frantseseko hondartzak ireki beharko liratekeela uste dutenek kontzeptu berri bat asmatu dute defendatzen duten hondartzen irekiera eredua azaltzeko: «Hondartza dinamikoak». Itzelezko babesa jasotzen ari da ideia eta Gobernu frantsesaren bulegoetara iritsi da auzia. «Hondartza dinamikoa» esamoldeak esan nahi du kirola egiteko hondartzak irekitzea eta itsasorako sarbidea ahalbidetzea. Hau da, segurtasun arauak errespetatuz mugimenduan egongo diren pertsonei hondartza erabiltzeko aukera ematea eskatzen dute.

Aitzitik, hondartzen ikusmolde «estatikoa» errefusatzen dute hondartza dinamikoen aldekoak diren elkarte eta erakundeek. Alegia, ez dute proposatzen hondartzak eguzkia hartzeko edo lagunekin biltzeko irekitzea, kirola egiteko eta herritarren osasun «fisiko zein psikologikoa sendotzeko» baizik. Frantziako kostaldeko departamenduetako prefetei zuzendutako gutun batek hondartza dinamikoak irekitzeko eskatzen du eta babes handia jasotzen ari da, jada 80.400 sinadura lortu baititu. Hala ere, zalaparta handiena Bretainiako diputatu eta hautetsiek egin dute, auzia zuzenean Parisko bulegoetara eraman baitute.

Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko esanguratsuenek ez dute oraingoz deus esan eta Biarrizko Udalak soilik defendatu du hondartza dinamikoen irekiera. Guillaume Barucq hautetsiak esan duenez, «baimenduak dauden beste eremu batzuekin alderatuta, hondartzak birusa kutsatzeko arrisku gutxiago dute».

Frantziako Surf Federazioak (FFS) azaldu duenez, eragile ugarirekin biltzen ari da hondartzen irekiera «modu kontrolatuan eta jasangarrian» gauzatu dadin. Alegia, hondartzak ireki aurretik sekulako antolakuntza lana egin behar da eta, horretarako, Osasun Ministerioarekin, hautetsiekin, sorosleekin, surf elkarteekin, eskolekin eta beste hainbat eragileekin elkarlanean ari dira.

«Ez ditugu plantan ezarriak diren neurriak zalantzan jartzen, hondartzaren erabilera ahalik eta egokiena egiteko protokolo bat soilik proposatzen dugu», azaldu du FFS erakundeak.

Proposamen eta aldarrikapen hauen helburua maiatzaren 11tik aitzina hondartzen erabilera arautua eta baimendua egotea da. Jean-Luc Arassus, FFSko lehendakariak hau adierazi du: «Gure nahia da eskualde bakoitza maiatzaren 11n ahalik eta segurtasun handienarekin itzultzea hondartza dinamikoetara».

Gauzak horrela, hondartzen irekiera Estatu frantseseko eztabaida nagusien artean kokatu da, baina oraindik ez dago garbi maiatzaren 11tik aitzina hondartza dinamikoak erabilgarri izango diren. Datozen egunetan itxialdiaren amaiera nola gauzatuko den argitzeko zehaztapenak emango ditu frantziar Gobernuak eta orduan jakin ahal izango da hondartza dinamikoen proposamena onartua ala baztertua izan den.