Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO MUNDU MAGIKOAK

Hogwarts birtualena

Guztiok babesean mantentzen ari garen une honetan, “Harry Potter at Home” (Harry Potter etxean) ekimena aurkeztu nahi dizuegu, haurrei, gurasoei, zaintzaileei eta maisuei laguntzeko asmoarekin, gure egunerokoan magia pixka bat jar dezagun». Mezu hori J. K. Rowlingek bota du, Harry Potterren unibertsoaren egileak, eta aitzakia Wizarding World izeneko Hogwarts «birtualaren» aurkezpena izan da.

Web orrialde edo plataforma honetan jokoak, bideo jokoak eta Harry Potterren munduko mota askotako materiala aurkitu daiteke, ingelesez guztia, baina aitzakia ona izan daiteke, era berean, etxeko txikiekin ingelesa lantzeko. Adibidez, aktore desberdinek liburuen kapituluen audioak zintzilikatuko dituzte. Lehena Daniel Radcliffe bera da, pantaila handian Harry Potterrena egin zuena, eta bere irakurketa web orrialdean eta baita Spotify-n irekian dago entzungai, britainiar azentu zoragarriarekin. Astero, ospetsu batek kapitulu bat irakurriko du. Entzumena lantzeko modu ezin egokiagoa.