GARA
DONOSTIA

Itxialdia oinarri hartuta, pianorako sorkuntza lana

Mikel Chamizo konpositore gipuzkoarrak “Under lockdown” musika proiektua jarri du martxan, bizi dugun konfinamendua oinarri hartuta. Pianorako hamar minutu inguruko obrak hamar pieza izango ditu, konfinamenduko bizimodu bitxia islatzen dutenak. Askatasunik gabeko egoeran askatasunari buruzko hausnarketa proposatuko du eta eguneroko jarduera hutsalek testuinguru horretan esanahi berria nola hartzen duten aztertuko du.

Konposizio prozesua abian da eta obra Estatu espainolean konfinamendua amaitu aurrerako prest egongo da. Handik gutxira, lanaren estreinaldia egingo da streaming bidez: hamar piezak Pierre Delignies pianistak interpretatuko ditu Amsterdametik zuzenean, publiko guztiari irekitako kontzertu batean.

Chamizok crowdfunding kanpaina bat jarri du martxan, eta bildutako diruarekin interpretearen eta konpositorearen «ordainsari xumeak» ordaindu ahalko dituzte –jada, jarri zuten 1.000 euroko muga aise gainditu dute–. Gainera, paperezko partituraren 100 aleko tirada mugatu bat ere argitaratuko dute. «Oso edizio berezia izango da», adierazi zuten, «partiturak Julio Cesar Perez (@amarilloindio) ilustratzaileak egingo dituelako. Pertsonaiak pentagramen eta noten artean biziko dira, eta elkarreraginean arituko dira, beren umore sena erakutsiz».

Gainera, hamar miniaturetako baten “aitabitxi” izateko aukera eskaintzen da. Modalitate horretan, ilustratzaileak pieza babestu duen pertsonari eskainiko dio, eta haren izena agertuko da dagokion miniaturaren izenburuan. Miniaturetako bat babesten duenak bere miniaturaren lamina esklusibo bat ere jasoko du, leku seguruan kokatu edo gorde ahal izateko. Proiektu honen finantzaketan parte hartzen duenak musika arloko zenbait profesional txikiri lagunduko die; sektore hori oso gogor jo du pandemiak. Era berean, azaldu zutenez, «laguntzaileak sorkuntza esperimentu baten parte izango dira, urte askotan errepikatuko ez dena».

Mikel Chamizok Musikenen ikasi zuen konposizioa, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka eta Stefano Scarani irakasleekin. Bere musika Estatu frantsesean, Suitzan, Italian, Polonian, Suedian eta Txilen interpretatu da, besteak beste, La Biennale di Venezian, Forum Wallisen, Musica Electronica Novan, Le Quartz, Sound and Music Computing Conferencen, Donostiako Musika Hamabostaldian, Juan March Fundazioan, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, etab.

Bere proiekturik berrienen artean, aipatzekoak dira “Navigare necesse est” (Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera Juan Sebastian Elkanok munduari egindako lehen itzuliari buruz egindako musika-esplorazioa); “Espirals”, Cadaqueseko Ensemble Orquestrarentzat idatzia; eta “Soinua iratzarri” musika garaikideko proiektu pedagogikoan parte hartzea, Donostia 2016ren antolatzaileek Kultura Hiriburutzarako hautatutakoa.