Patxi GAZTELUMENDI
BERROGEIALDIRAKO ERAKUSKETAK

«Everest 1980», Instagram bidez

1980. urtean Euskal Espedizioak Everesten lortutakoa biltzen du euskal mendizaletasunaren ondarea biltzen duen EMMOA fundazioaren erakusketak. Museoak itxita badaude ere, Instagram bidez erakusten ari dira 1980ko argazkiak. Lau hamarkada betetzen dira egunotan Martin Zabaleta eta gainerako espediziokideak munduko tontorrik altuena lortzen saiatu zirenetik eta egunotan orduko irudiak, soinuak eta poza gogoratzen ari gara. Hala, orduko argazkiak, arropak, gerora argitaratu ziren liburuen irudiak ikus ditzakegu Instagrameko kontu horretan. “Erakusketa konfinatua” deitu diote ekimenari. Aurkezpen kartela osatzen duten bi irudiekin batera, hamar dokumentu gehitu dizkiote eta, Instagramen ohiko den bezala, egunero pieza bat edo argazki sorta bat jartzen joan dira, baina azkenerako atzera begirako ederra lortu du EMMOAk.

Lehendabiziko irudian Javier Garaioa nafarra ageri da, Nin Temba xerpa eta biek hegoaldeko tontorra igo zuten, tontor nagusitik 90 metrora baino ez dagoena. Maiatzaren 4koa da argazkia. Hamar egun beranduago lortu zuen gailurra Zabaletak. Azken irudietako bat “Everest Euskal Espedizioa 1980” mitikoaren logotipoa da eta ikuste hutsak hunkitu egiten gaitu oraindik. Gaur egungo teknologiak kontuan izanda, batzuei ez sinesteko modukoa irudituko zaie orduko postal bat ikustea bera. Hilabeteak eman zituen Himalaiako gailurraren magalean, kanpamentu nagusian. Eta posta sistema ere martxan zuten. Erakusketan Iturriza eta bere emazte Piliri espediziokide guztiek bidalitako postala ere ikus eta irakur daiteke.