B.Z.
IRUÑEA

Positibo bakar baten ikerketak 161 kasu azaleratu ditu Hego Korean

Maiatzaren 8an korear gazte batek positibo eman zuen koronabirusaren proban. Haren kontaktuen bilaketari ekin ziotenean, gaztea Seulgo festa gune batean ibilia zela ikusi zuten, eta berehala hasi ziren bertan egondako pertsonak bilatzen. Astebeteren buruan, osasun agintariek 46.000 test egin dituzte kasu bakar horren hariari jarraituz, eta beste 161 kasu positibo atzeman dituzte. Horitatik 90 festa gunean egonak ziren, eta beste 71, horien kontaktuak ziren, bigarren edo hirugarren txanda batean kutsatuak. Alegia, transmisioa zabaltzen ari zen.

Testak, ordea, ez dira kasu hauek guztiak atzemateko tresna bakarra. Ezinbestekoak dira baina, aldez aurretik, Hego Korean oso landuta duten kontaktuen bilaketa zorrotza egitea ezinbestekoa da. 2003ko SARS koronabirusak gogor jo zuen Asiako herrialde horretan; besteak beste, agintariek ez zutelako garaiz erantzuten jakin izan, orain Europako hainbat herrialdetan gertatu bezala.

Ordukoa pasatu eta gero, epidemiei aurre egiteko lege berri bat onartu zuten. Besteak beste, lege horrek kontaktuak bilatzeko tresna ugari ematen dizkie osasun agintariei. Adibidez, telefonoen bidez eta bankuko txartelen bidez mugimenduak arakatu eta kasu bakoitzaren kontaktuak identifikatzeko eskubidea ematen die. Hemen ez dira onargarriak, oro har, Korean indarrean dauden neurriak, baina tresna zehatzez harago, Koreako kasuak garbi erakusten du kontaktuen bilaketak duen garrantzia.