Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO ABENTURAK

Igoera alpino bikain bat baino gehiago

Iazko martxoan, Marek Holecek eta Zdenek Hak txekiarrek goi mailako igoera lortu zuten Chamlang mendian (7.319 m, Nepal). Hain zuzen ere, mendiaren ipar-mendebaldeko horman. Teknikoki oso zaila da eta konpromiso handia eskatzen duena. Baina horri gehitu behar diogu alpinista txekiarrek pareta horren aurreneko eskalada burutu zutela. Beraz, ohore hori dute, eta horregatik alpinismoaren komunitatean aitorpen handia jaso zuten.

Inolako zalantzarik gabe, jarduera horrek asko eskatu zien Holecek eta Hak-i. Izan ere, sei bibak egin zituzten: lau igoeran eta beste bi jaitsieran. Etxetik irudikatzea zaila da, baina protagonistek horretan laguntzen digute honako hau esanda: «Geure ibilbideetan mendi ezberdinetan egin dugun inoizko eskalada gogorrena izan da».

Chamlang mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegian zabaldutako bideari “Ufo” deitu zioten, eta aurkezten dizuegun filmean, besteak beste, Reinhold Messner eta Doug Scott alpinista historikoen adierazpenak entzungo ditugu. Bi alpinistok lortu zuten 1981. urtean zazpimilakoaren gailur nagusiaren lehen igoera. Eta, besteak beste, hau diote: «Holecek eta Hak-ek egin zuten igoera azpimarratzeko modukoa da. Horma horren lehen igoera sinatzeaz gain, erakutsi zuten sormen eta sasoi handia zutela».

Gogoratu behar dugu lehen igoera hori lortu nahian ibili zirela lehen lerroko makina bat alpinista: Nick Bullock, Andy Houseman, Jonatan Griffih eta Lise Billon.

Bestalde, igoeraren irudiekin gozatzeaz gain, protagonistek goi mailako alpinismoa eta eguneroko bizitza nola uztartzen diren hausnartzen dute. Beste ukitu bat du.