Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO KLASIKOAK

Oroitzapen musikalak

Ados, onar dezagun digitalizazioa jaun eta jabe egin den online mundu aurreratuan bete-betean sartuta gaudela. Baina, ez al gara etorkizunean damutuko, euskarri fisikoa baztertu eta dena hodeian zintzilikatuta uzteko hautua hartzen badugu? Kanta hau edo bestea aukeratu, letrak paperean irakurri... horrek plazer berezia ematen du.

Horretaz guztiaz jabeturik, eta koronabirusak sortutako krisi latzari aurrera egiteko martxan jarri diren hainbat ekimenen barnean, Elkar argitaletxeak bere stock zabala plazaratu du “Euskal musika 50 bildumatan” izeneko eskaintzan. Uztail bukaerara arte daude salgai, oso prezio onean, 4,95 eurotik gora. Elkar txartelarekin, oraindik merkeago. Altxortxo batzuk aurkitu ditugu lehen begiratuan: Esan Ozenkiren “Gora Herriak 95-98”, “Egin” egunkariak hamargarren urteurrena ospatzeko kaleratutako “Bat. bi hiru... hamar” diskoa –euskal rock erradikalaren hasiera–, Imanol Urbietaren kantak, eta Tijuana in Blue, Potato, Hertzainak eta La Polla Recordsen bildumak.