Nagore BELASTEGI

ESKUZ EGINDAKO GAUZEK DUTEN BALIO ERANTSIA

Eskuz egindako gauzek estimu handia dute gurean. Baina gauza hori maite dugun norbaitek edo guk geuk egiten badugu harro ere sentitzen gara, eta are gehiago balio dute guretzat. Itxialdian etxean egon garen denboran asko dira eskulanetan buru-belarri hasi direnak eta orain material gehiago erostera atera behar izan direnak. Batzuk, gainera, lehen aldiz animatu dira.

Eskolan zein garrantzitsua den Historia ikastea, are gehiago matematikan ona izatea. Fisika eta kimika, geografia eta hizkuntzak. Eta zein ondo pasatzen genuen plastika edo soinketa tokatzen zenean, askorentzat «nota igotzeko» aukera ematen zuten garrantzirik gabeko ikasgai horiek... nork esango zigun kirola eta artea itxialdian gure salbazioa izango zirela, geure burua askatzeko balioko zutela! Azken hilabeteetan ikusi dugu denak duela garrantzia, batzuetan mailakatzen saiatzen garen arren.

Orain, kalera irteteko askatasun handiagoa dugunean, kalean kirolariak ugaritu direla ikus dezakegu, baina non daude artista berriak? Bada, etxean, sortzen. Askok afizio berriak deskubritu dituzte. Joan den egunean mudantza egiten ari den lagun batek akuarelekin pintatzen hasi behar zuela aitortu zidan, estresa askatzeko zerbait behar zuela. Hain zuzen ere, akuarelak dira etxean egiteko eskulan aproposenetariko bat, teknika zaila izan arren, garbia delako eta espazio gutxi behar duelako. Hala kontatu digu Iruñeko Art5 dendako Loreak, bertako langileetako batek. «Orain letteringarekin dago motibatuta jendea eta pintzel bereziak eta tintak eskatzen dituzte, errotuladoreak… tela pintatzeko margoak ere saltzen ari gara, ez dakit maskarak apaintzeko nahi dituzten», kontatu digu. Aurrerantzean eskulanekin izango den joerarekin itxaropentsu agertu da: «Badakigu momentu oso gogorrak izan direla, baina nik uste dut jendeak bere momentua hartzeko aukera hori oparitxo bat bezala ikusi duela. Eskulanen munduari aukera bat ematen diozunean ezustea hartzen duzu. Zeure burua aurkitzeko balio du, eta kreatibitatearen bitartez erantzunak beste modu baten bidez aurki ditzakezu».

Iritzi berekoa da Maite, zeinak bere kide Arantxarekin batera Gasteizko Artis Kreativa denda daraman. «Niretzat garrantzitsuena da egiten ari zarela disfrutatzea, egiten ari zarela burua gauza horretan duzulako. Jende asko etortzen zaigu klaseetara erlaxatzera edo terapia moduan», azaldu digu. Esan duenez, altzairuak pintatzeko chalk paint eta tela margotzeko pintura bereziak modan daude, eta duela urte batzuk modan jarri ziren akuarelak eta Eva gomarekin egiten diren fofutxa panpinek puri-purian jarraitzen dute.

Maiteren ustez, normaltasunera itzultzen garenean «aurreko ohitura txarrak itzuliko dira eta gauza on asko ahaztuko ditugu». Hala ere, uste du ondo legokeela «eskoletan konturatzea zein beharrezkoa den kultura, ez bakarrik eskuz sortzea, baita musikariak, aktoreak eta ipuin kontalariak ere, egun hauetan dohainik gauza asko egiten ibili direnak».

Bilbon dago Entreabalorios, pitxiak sortzeko materialak saltzen dituen denda. Bertan Carmenek egiten du lan eta jende guztia eskulanetan hastera animatzen du, nahiz eta trebeak ez garela pentsatu: «Inoiz ezer egin ez duen norbait etortzen zaidanean agian ez diot gustatu zaion lepokoa egiteko teknika irakasten, baina saiatzen naiz horren antzekoa den teknika errazago bat irakasten. Gidatzen ikastea bezala da: praktikatu egin behar da. Nik inoiz ez diet etsitzen uzten. Nahi dudana da ikastarotik pozik ateratzea zerbait egitea lortu dutelako». Dendan kalitate handiko materialak saltzen dituenez, bezero bakoitzak erabakitzen du zenbat gastatu nahi duen. Normalean, jada ondo moldatzen direnak gehiago gastatzeko prest daude.

Donostiako Amara auzoan dagoen El Buho de Cloe-ko bezeroak itxialdiaren ostean azkar joan ziren dendara materiala erostera, baina benetan nahi dutena tailerren txokoa zabaltzea da, bertan eskulanak egin hala izateko. Hala kontatu digu Nahikarik, zeinak uste duen «satisfazioa» ematen duela zuk zeuk zerbait sortzeak. «Probatzea da kontua. Akats bat egindakoan beti konpon daiteke», dio. Scrapbooking eta Mix Media paperarekin apaintzeko teknikak modan daudela esan digu.

Donostiako Elkano kalean dagoen La Casa de las Laboreseko Inesek, berriz, kakorratzaren eta jostearen alde egiten du. Denda honetan ilarak sortu ziren berriz zabaldu zutenean, baina Inesen esanetan, jendetza hori ohikoa da. «Gure dendan normalean jende asko ibiltzen da aukeratzen, denbora hartzen duten gauzak direlako. Orain dendan hiru pertsona bakarrik sar daitezkeenez, ilarak sortu ziren», adierazi du. Momentuz ez dute ikastarorik emateko asmorik eta udara begira horiekin hasteko moduak aztertzen ari dira.