Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Kaixo maitia ostekoa

90eko hamarkadan, Interneten hedapenaren hastapenetan, gizon bat ezagutu nuen txat-gela batean. Orduan, ez zegoen neska-mutiletan egiteko aplikaziorik, eta elkarri sarri idaztearen idazteaz gero eta jakin-min handiagoa asetzearren ezezagun batekin aurrez aurreko hitzordua egitea erokeriatzat jotzen zen. Baina nik egin nuen, ni baino 9-10 urte zaharragoa zen morroi batekin, eta zortea izan nuen: benetan zen esaten zuena, benetan zen jatorra, benetan ez zen saiatu nik nahi ez nuen bidetik eramaten. Parranda itzela egin genuen, gurasoen etxeko atean utzi ninduen, eta etorri zen bidetik joan zen.

Halako normala izan bazen ere, zuriak eta beltzak entzun behar izan nituen jakitun ziren bizpahiru lagunengandik, tipo hark ziur baino ziurrago inorengandik entzungo ez zituenak: zergatik biziko ditu arrak harremanak emearekin mesfidantzaz edo beldurrez, fisikoki beti garaituko badu, eta harremanen gaineko kulturak alderdi emozionala ia zikiratu baldin badio, maitasunik ezaren ondoriozko oinazea, negarra, frustrazioa… «ahularen» psikera mugaturik.

Hogeita koska urte geroago, ligatzeko aplikazioak erabat txertatuta daude jendartean –zenbat joera, hainbat aldaera–, eta eguneroko kontua dira jende askoren bizimoduan; ez bakarrik sare sozialekin batera hazten eta hezten ari diren gaztetxoen artean, baita bestela hazita eta hezita izan garen helduon artean ere, «egokitu ala hil» ez baita esamolde hutsa. Egun, inork ez dizkizu bereak eta bi esango horrela eginiko hitzordu batera zoazelako; are gehiago, horretara animatuko zaituzte, bultzatu kasik, zeure bakardade sentimental horrek nahitaez gehiegizko zama eragin behar dizulakoan, edo, are okerrago, amodioari dagokionez hain zuzen ere amore ematen hasia zaudelakoan. Emakumea bazara, hori bai, amaierako oharra ezingo duzu belarrietatik aldendu, lehen eta beti bezala: kontuz ibili, izan zuhurra, ez egin txorakeriarik, eduki telefonoa beti aldean, eta abar.

XXI. mende betean, neska-mutiletan egiteko modu guztiek onarpen sozial zabala dute, eta milioika erabiltzailek erakusten dutenez baita etorkizun oparoa ere, baina harremanak eurak ezer gutxi aldatu dira erroan, apenas behin hasita haiek garatzeko eta elikatzeko erak. Baumanek aipatzen zuen likidotasunak bestelako sentsazioa eragiten digun arren, ez-tradizionalarena, transgresorearena, askatasunarena…