29/05/2020

MADDI ANE TXOPERENA
IDAZLEA, BERTSOLARIA ETA KAZETARIA

Gazteluma saria irabazita argitaratu duen «Ene baitan bizi da» da Maddi Ane Txoperenaren lehen liburua. Ahozko sortzaile eta boladan dagoen idazleak fikziorako bidea hartu du. Bere bizi esperientzian oinarrituta, gazte lapurtar baten eta bere amatxi nafarraren arteko harremana kontatzen du, eta, bide batez, Baztan eta Bortzirietako 1950-1970 arteko emakumeen historia ezagutarazten du.

«Ikusgarritasuna eman nahi nion emakumeen historiaren parte honi»
Idoia ERASO|BAIONA
0529_kul_txoperena

Pantailaren beste aldean ageri zaigu Maddi Ane Txoperena, tele-prentsaurreko batean, etxetik ari diren kazetarien aitzinean. Tartetxo bat hartu du gero, urrundik lor daitekeen gertutasunean gure galderei erantzuteko, esperientzia berri honetan egin duen bideaz.

Zein da zure liburuaren oinarria, zer kontatu nahi duzu?

Istorioak bi hari nagusi dauzka; alde batetik, Marie, pertsonaia nagusia, Donibane Lohizuneko gazte bat da, Parisen ikasketak egiten ari dena, eta Berara joanen da, bere amatxiren baserrian uda pasatzera. Ikasketa bukaerarako lana eginez deskubritzen du bere amatxi Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskame lanetan aritu zela, eta hari horretatik tiraka hasten da. Bigarrena, berriz, bere amatxi Josefina gaztea zenekoa da, Donibane Lohizune eta Parisen lanean aritu zenekoa.

Istorio honek zure bizitzarekin lotura dauka; Ipar Euskal Herrian jaio den eta ikasketak egiten ari den gaztea zara, eta zure amatxi gaztetan neskame lanean aritu zen Estatu frantsesean.

Bai, eta txikitatik entzun izan ditut bere istorioak, eta betitik sortu izan dit interesa. Egia da horretatik inspiratu naizela, eta egon daiteke tentazioa Marie nirekin lotzeko, neska gazte bat delako, Lapurdi eta Nafarroa arteko mugan bueltaka dabilena, baina uste dut ezaugarri horiek dauzkan pertsonaia sortzea aukeratu dudala errazagoa delako gazte baten ikuspegitik idaztea, baina hortik aurrerako guztia fikzioa da; ez naiz Marie.

Antropologia ikasketak egiten ari zara, eta, bizipen pertsonaletik harago, ikuspegi akademikotik ere hasi zinen informazioa biltzen.

Hasi nintzen karrerako lan bat egiteko asmoarekin, baina elkarrizketatu behar nituen emakumeetako batzuek ez zuten arazorik informalki gauzak kontatzeko; aldiz, esaten banien lan baterako zela, edo grabagailua aurrean jartzen banien, esaten zidaten ez zutela nahi, eta esan zidaten ere beraiek bizitakoak ez zuela hainbeste balio, garrantzia kentzen zioten. Kezkagarria eta interesgarria iruditzen zait aldi berean.

Ezaguna ez den Euskal Herriaren eta emakumeen historiaren parte bati begiratzen diozu liburu honetan.

Bai, istorioaren abiapuntua da 1950-1960 urteetan hasi eta 1970eko hamarkadara arte, Baztan eta Bortzirietako emakume asko joan zirela Ipar Euskal Herrira eta Frantziara neskame aritzera. Ikusgarritasuna eman nahi nion historiaren parte horri, ikusten nuelako beste problematika batzuez asko entzuten eta idazten dela, adibidez Ameriketara joan ziren artzainez edo kontrabandoan aritzen ziren gizonezkoez, baina iruditzen zait historia askotan modu partzialean heltzen dela guregana, emakumeon historia eta hitza ez direlako askotan hain kontuan hartzen.

Historia berreskuratzeko bidean, bi belaunaldiren arteko lotura, bi emakumeen arteko harremana, garatzen da.

Bai, iruditzen zait ez daukagula ohiturarik zaharrekin hitz egiteko. Askotan adineko pertsonek altxorrak dauzkate. Asko gustatzen zait istorio horiek entzutea, nahiko “erromantikoa” naiz zentzu horretan. Marie eta Josefinaren artean, nahiz eta adin tartea oso handia izan, eta bizitzaren ikuspegi ezberdinak izan, sortzen da maitasun harreman polit bat.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren elkarrekiko ezagutzan mugak garrantzi handia dauka, eta liburuan oso presente dago muga hori.

Bai, alde batetik, Donibane Lohizune eta Bera artean dago kokatua liburuaren parte handiena, baita joan-etorriak bien artean ere. Nire esperientziatik ere bada; ni beti ibili izan naiz bueltaka, eta gustatzen zitzaidan bi errealitate horiek eranstearen ideia, inposatzen diguten muga hori ezabatzen laguntzeko. Iraganeko garaian ere ikusten da kontrastea zentzu batean, zeren eta Hego Euskal Herrian frankismoa zegoen, eta Ipar Euskal Herrian beste askatasun batzuk, eta beste loraldi bat. Kontrastea bada, baina Josefinak Azkaineko lagun bat egiten du, euskalduna da, bera bezala, eta horrek laguntzen dio, etxetik kanpo egon arren, etxean sentitzen.

Bertsolari eta kazetari gisara ezaguna zara; orain literaturan ere sartu zara. Zerk eraman zaitu urrats hori egitera?

Txikitatik gustatzen zait sorkuntza bera, eta bereziki idaztea. Bertso munduan ezagunagoa naiz, baina nire barruan beti sentitu izan naiz erosoago idazketan, uste dut ziurtasun handiagoa ematen didalako ere.

Zertan lagundu zaitu Gazteluma saria irabazteak?

Sariak alde batetik dauka epe bat jartzen dizutela; horrek akuilu lana egin du. Dirua ere ematen dizutenez, ahalbidetu dit hilabete batzuk izatea beste enplegurik behar izan gabe.

Beti ibili izan naiz Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean bueltaka, eta gustatzen zitzaidan liburuan bi errealitate horiek eranstearen ideia, inposatzen diguten muga hori ezabatzen laguntzeko.