29/05/2020

Kutxa Fundazioaren gune eta aretoak ekainean berrirekiko dira
GARA|sana’a

MUGEKIN


Jende kopuruari, espazioen kudeaketari eta garbiketari dagokionez muga batzuk egongo diren arren, datorren astetik aurrera eskaintza zabala izango dugu.

Euskal erakundeen artean adostutako erabakiarekin bat eginez, Kutxa Fundazioaren zentroek ekainean irekiko dituzte berriz ateak. Berrirekitze eta programazio berria mailakatua eta mugatua izango da, bisita daitezkeen lekuei eta sartu ahal izango den pertsona kopuruari dagokienez.

Kutxa Kultur Artegunea erakusketa-aretoak ekainaren 2an irekiko ditu ateak, “Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez” erakusketarekin. Euskal artista polifazetiko honen begirada fotografikoa ezagutzeko aukera paregabea dago, Peio Agirrek komisariatutako erakusketa honen bidez.

Bestalde, Kubo-kutxa aretoak irailean berrekingo dio bere jardunari, Juan Luis Goenagaren atzerabegirakoarekin, Mikel Lertxundi komisario duela. Euskal margolari honen lehen atzerabegirako handiak bere ibilbide osoko piezak bilduko ditu, paperean egindako lana bereziki nabarmenduz.

Osasun krisiaren ondoriozko egoerarekin, Kutxa Fundazioko Arte Sailak Jose Ramon Amondarainen atzerabegirakoa 2021era atzeratzea erabaki du. Francisco Javier San Martin komisario duen erakusketa honek euskal artista garrantzitsuaren ibilbide luzea erakutsiko du bestelako ikuspegi batetik, artista bere ibilbidearen hasieratik lantzen ari den hiru dimentsioko lana lehen planoan jarriz.

Zientzia didaktikoa

Eureka! Zientzia Museoak ere ateak irekiko ditu, eta %50eko edukiera izango du. Ordutegia: 10.00etatik 19.00etara astelehenetik ostiralera, eta 11.00etatik 20.00etara asteburuetan. Museoko instalazioei dagokienez, Planetariumak eta Volta eta Darwin aretoek %30ean funtzionatuko dute; simulagailuen aretoa itxita egongo da oraingoz; Animalia irekita, baina bisita gidaturik gabe; gune komunetan ez da animaziorik egongo, baina kafetegia zabalik egongo da.

Museoan hartuko diren segurtasun-neurriei dagokienez, sarreran ilarak antolatuko dira, segurtasun-distantzia bermatzeko lurrean seinaleztatutako segurtasun-eremuekin eta leihatilak bereizita (orokorra, lehentasunezkoa, Planetariuma eta berriz sartzeko aukera). Maskara nahitaezkoa izango da, museoan zehar gel hidroalkoholikoaren hamabi banagailu jarriko dira, museoan etengabe egongo dira garbiketa egiten duten pertsonak, eta emakumeentzako komun bat eta gizonentzako beste bat izango dira zabalik.

Kutxa Kultur udaz gozatzeko prest dago. Datorren ekainaren 12tik aurrera, Kutxa Kultur Gauak programak udako gauak girotuko ditu zenbait arte eszeniko eta tokiko proposamenekin Zabaltza terrazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Kontzertuak, dantza, antzerkia, topaketak, disko festa, dantza garaikidea, tailerrak eta instagramer eta youtuberren hitzaldiak izango dira.

Amaitzeko, Kutxa Ekogunearen Baratze Parke Sarean baratzezaintzako lursailak lortzeko aukera eskaintzen du Kutxak. Baratze edo ortua landu nahi dutenei Baratze Parke Sarean (BPS) partzela edo lursail bat lortzeko aukera emango zaie.