Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Inguru: mena, pena, sena?

Ekainak 5 dituela, Ingurumenaren Eguna. Sinadura duten agintari askorentzat salbuespen eguna berau, urteko besteetan «herri-lan» esaten duten horiengatik hura hondatzen segitzen dutela; hori bai, modu jasangarrian! Hondamena behar naturan, ondasuna egoteko kontu korrontean, kontuak atera! Nazka, nazka bai, eta ez nago Peruko geoglifoez, gure oasiko inguruaz baino. Iraun egiten duen “ingurupenaz” nago, “ingurupen” iraunkorraz. Zaldibar gogoan, bi gorpu, 4 hilabete, 4.0. Noizko “ingurusena” nagusituko politika publikoetan? Noizko Plan Renove ofiziozko sen ofizialean? Bertsolariak zioen moduan, «senak agintzen digu zenari eustea», biodibertsitateaz nago, ekosistemak lehengoratzeaz… finean, gaurko sistema aldatzeaz, datorren normaltasuna berria ez ezik bestelakoa ere egin dezagun!

«Herri-lan» obra publiko omen. Ama, ama! Zenbat hitz egokitu behar trantsiziorako Hiztegian! Eta zenbat paradigma! Horra kasuko, belauniko egotea! Menderatuaren jarrera izan da hori luzean, baina bat-batean menderatzailearena da orain. Hor dago belauniko, uniformedun zuria, belauna lepoan jarrita, beltzaren lepoan jarri ere, gailenkeriaz (hiztegian agertzen ez bada ere). Krudela gero normaltasuna! Normala gero protesta! Protestaren arrazoiak bizi gaituelako, han eta hemen; are gehiago proposamenarenak. Ukabil zuri-beltzak ikusi ditugu berriro hango kaleetan, derrepenteko batek min ezkutuak argira ekarri ditzakeen seinale! Ezustekoak ustekoen ustela azaleratu seinale…

Larrialdi-egoera han. Osasun-larrialdia nonahi. Klimaren larrialdia edonon. Larri-ikarak oinaze gehiago dakar lurrikara batek baino. Larrikeria (hiztegian agertzen ez bada ere) horiek larrutu egin gaituzte ispilu aurrean, eta ez da ispiluaren arazoa gero! “Ingurupena” hor da, sistema-larrialdian, “ingurusena” da landu beharrekoa…