GARA
Iruñea

Koronabirusaren aurkako txertoetako bat azken fasean sartuko da uztailean

Oraingoz, Moderna enpresa estatubatuarra da txertoa lortzeko lasterketan burua hartu duena. Bioteknologia konpainia horrek asteartean ziurtatu zuenez, covid-19aren aurkako txertoa uztailaren 27an sartuko da proben azken fasean. Ikerketa puntu horretaraino eramatea lortzen duen lehendabiziko laborategia izango da. Dena ondo bidean, ikerketa 2022ko urrira arte luzatuko da.

Saiakeran 30.000 lagunek hartuko dute parte, estatubatuarrak guztiak. Horietatik erdiek 100 mikrogramoko dosian jasoko dute txertoa, eta beste erdiei plazebo bat emango diete. Saiakuntzaren lehendabiziko helburua txertoa segurua den egiaztatzea izango da. Pertsona batek covid-19a hartzen baldin badu, txertoak sintomen aurrerapena geldiaraz dezakeen aztertuko dute zehazki.

Modernaren teknologia RNA mezularian oinarritzen da. Ikerketan aurrera egin eta arrakasta izanez gero, koronabirusaren aurkako babesa modu prebentiboan garatu ahal izateko, txertoak organismoari beharrezkoak dituen informazio genetikoak garatzea ahalbidetuko dio. Hori lortzea da, hain zuzen ere, saiakera honen funtsa.

Tarteko helmugak eta lehia

Enpresen arteko lehia izugarria da. Adibidez, Txinako SinoVac enpresaren txertoa bigarren fasean dago. TASS Errusiako albiste agentziak larunbatean esan zuenez, txinatar zientzialariek txerto baten azterketa klinikoak amaitu dituzte, baina ez dute emaitzen berri eman.

Modernaren kasuan, “New England Journal of Medicine” argitalpen zientifikoak asteartean aurkeztu zituen ikerketaren hasierako fasetik lortutako emaitzak. Ondoren, enpresak fase berriaren abiatzea iragarri zuen.

Emaitza «itxaropentsuak»

Zientzialariek ohartarazi dute lehen txertoak ez direla nahitaez eraginkorrenak edo seguruenak. Dena den, gaixotasun infekziosoetan aditua de Johns Hopkins Unibertsitateko Amesh Adaljak Modernaren emaitzen harira adierazi duenez, «pozgarria» da parte hartzaileek antigorputz mota aurreratu baten maila handiak sortu izana. Hala ere, bere ustez, «lehen fasetik saiakuntza klinikoetara zenbat estrapolatu daitekeen tentuz aztertu behar da, auzia gaixoa benetako birusaren eraginpean dagoenean aztertu behar baita».

Modernaren teknologiaren abantailetako bat laborategietan proteinak ekoizteko beharra alde batera uzteko aukera ematen duela da. Horrek ekoizpen masiboa bizkortzen laguntzen du. Orain arte, txertoak arautzen eta baimentzen dituzten erakundeek ez dituzte mota horretako txertoak baimendu.

Burtsan, %17 gora

Jakina, lehia honen funtsa ez da soilik osasungintzarena, baizik eta ekonomikoa. Egun bakar batean, Moderna enpresaren balioa %17a igo da. Guztira, aurten, bere balioa laukoiztu egin da.

Txertoaren produkzioa eta banaketa lasterketa honen hurrengo faseak izango dira. Dagoeneko lehia hori ere martxan da.