EDITORIALA
EDITORIALA

Banku eta epaileen bidegabekeriak agerian

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebazpen garrantzitsua eman zuen atzo. Hipoteka kontratu batean abusuzko klausula bat baliogabetzen bada, bezeroak klausula horren pean egindako gastu guztiak berreskuratzeko eskubidea duela erabaki zuen Europako Auzitegiak. Oso-osorik berreskuratzeko eskubidea. Argi utzi zuen kontsumitzaileak erreklamazioa egiteko prozesu-gastuak izan baditu, epaileak bankuari ordainarazi beharko dizkiola horiek. Orain arte indarrean zegoen Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrinaren arabera, bankuak eta bezeroak erdi bana ordaindu behar ziren gastu horiek.

Kontsumitzaileen elkarteen kalkuluen arabera, Estatu espainolean 7,6 milioi mailegu-hartzailek eska dezakete gastu horiek bueltatzea, eta 700 eta 2.500 euro artekoak izan dira kasu gehienetan. Ezbairik gabe, eragin ekonomikoa izango du ebazpen horrek, baina are garrantzitsuagoa da abusuzko praktikei gastuak gehitzen dizkiela. Orain arte bankuei oso merke ateratzen zitzaien edozein kontratutan abusuzko klausulak ezartzea. Bide judizialak luze jotzen zuen, sarritan epaileen erabakiak bankuen interesekin bat zetozen, abokatuak nominapean dituzte auzietan jarduteko prest eta, gainera, amaieran prozesu-gastuak erdibanatu egiten ziren. Bankuen bezeroei, aldiz, salaketa egiteak denbora eta dirua xahutzea zekarkien, azkenean, dena ondo bidean, sos apur batzuk kobratzeko baino ez. Atzoko erabakiari esker, aurrerantzean bankuei garestiago aterako zaie horrelako praktikak baliatzea.

Europako auzitegiak kontsumitzaileen alde emandako ebazpen honek, hortaz, agerian utzi du, alde batetik, Estatu espainolean bankuek izugarrizko boterea dutela eta nahi dutena egiten dutela. Espainiako Banku Zentralak ez du bere ikuskatzaile papera betetzen, are gutxiago, herritarren eskubideak babesten. Eta, bestetik, epaileak bankuen esanetara daudela ondoriozta daiteke. Zaila da banku eta bezeroen arteko auzietan baino erabaki bidegabe gehiago beste inon ikustea. Ea zerbait aldatzen hasten den.