Jon ORMAZABAL
Entrevue
IOSU ESKIROZ
PROMOZIO MAILAKO ATZELARI TXAPELDUNA

«Horrelako egunek ondo erabaki nuela sinesten laguntzen didate»

Betiko gogoan geratzen den gauza horietako bat da lehen txapela; zer esanik ez, jokatutako lehen txapelketan eta, covid-19a dela eta, oso lehiaketa arraro batean irabazitakoa bada. Egoera dela eta, ospatzeko aukerarik ere apenas izan zuen Makirriaingo atzelariak, baina larunbatean bizitakoa urte askotako lanaren eta apustu handi baten fruitua da eta horrela sentitzen du.

Apustuak ez omen dira errenta, baina pilotari profesionala izateagatik egindakoa hasi da bere fruituak ematen.

Txapelketa arraroa oso, baina ondo bukatu da, ala?

Hala da, bai. Txapelketa ia bukatua zela, finalerdietako ligaxkako hiru partidetatik bi jokatuta eta finalerako txartela lortua genuela, gelditzea tokatu zen eta dea airean geratu zen, beste gauza batzuk zeuden aurretik. Baina berriz jokatu behar genuela esan zuten, ahalik eta hobekien prestatu genuen, txapela etxera ekarri genuen eta pozik.

Lehen txapela irabazi eta ospatzeko ere lanak?

Ospakizunik ez genuen egin, familiarekin afaldu eta beste ezer ez. Hori zen tokatzen zena eta listo. Egutegian ere nahiko deseroso geratu zen finala, lagun eta familiako askok oporrak hartuta zituzten, baina hala tokatu da.

Baina txapela zure buruan...

Nik uste hori dela garrantzitsuena, nahiz eta arraroa izan; ia txapelketa guztia pandemiaren aurretik jokatu genuen eta nik uste maila oso ona eman genuela, hiru partida baino ez genituen galdu ligaxkan eta azkenean, larunbatean irabazteak nik uste gure txapelketako lana biribiltzeko balio duela; igual ez zen oso final ona izan, baina guretzat txapela oso handia da.

Ez zen zuen partidarik onena izan, baina finalak irabazteko omen dira.

Hala da, zaila izaten da finaletan partida ona ateratzea eta kasu honetan, nik pertsonalki, hala bizi izan nuen. Kantxara irten nintzenean oso urduri jarri nintzen eta, egia esan, ez nuen batere gozatu partida osoan zehar. Jende asko zegoen animatzen eta oso urduri aritu nintzen. Ikusteko ez zen oso final ona izan, bai gogorra, eta irabaztea lortu genuen.

Gogor lan egin behar izan zenuten eta, beste atzelari batzuen ezaugarri fisikorik gabe, horixe da zure bereizgarria, ezta?

Azkenean, zoritxarrez, nik ez daukat gaur egungo atzelarien fisikorik eta ni hor banago, lanagatik da, egunero entrenatu, zaindu... Egia da ere gustura egiten dudan lana dela, baina horrelako sari batek, hainbeste lan egin ondoren, asko betetzen zaitu.

Erasunek azken pilota hori txapara bota zuenean, zer pasatu zitzaizun burutik?

Hasiera batean, lasaitu ederra, poz izugarria eta tokatzen dena. Entrenatzaileekin gogoratu eta urte hauetan guztietan egindako lana ere burura etortzen zaizu.

Zuk, gainera, apustu handia egin zenuen, Volkswagenen zenuen lana utzi zenuen pilotaren amets hau bizi ahal izateko.

Hala da. Lan ia finkoa nuen eta eta debutatzea eskaini zidatenean, lana utzi behar nuela esan zidaten. Hor apustua egin behar izan nuen eta azkenean larunbatekoa bezalako egunek laguntzen didate erabaki ona hartu nuela sinesten.

Hemendik aurrera zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?

Nik lanean jarraitu nahi dut. Nik uste bi urte hauetan gora egin dudala eta, entrenatzen eta saiatuta, oraindik hobetzeko marjinarik badudala. Enpresak jartzen dizkidan partidak jokatuko ditut, gustura, eta, egia esan, sariren bat edo aukeraren bat suertatuko balitz, nik gustura hartuko nuke.

Uda arraro honetan aukerak ez dira errazak izango?

Ez, azkenean koadroa oso ona da eta egia da txapelketarik jokatzen ez baduzu partida oso gutxi geratzen direla goikoekin jokatzeko, baina aurrera eginez gero, aukerak helduko dira.

Zeure buruari hobetzeko modua eta bidea ikusten diozula esan duzu. Zertan?

Bi urte hauetan, frontoian egoteko garaian lasaiago aritzen naiz, mugimenduetan eta frontoian kokatzeko garaian hobetzen ari naiz eta azkenean nik uste kolpez ere irabazi dudala eta, azkenean, horrela jarraitzen badut, nik uste hobetzeko modua badudala eta horretan saiatuko naiz.