07/08/2020

Pello Zabala
Eguraldian aditua
Ikasi ote dugu?

Zu ere txikitan hasia izango zinen, edo hala izango zara, ezta? Beti zegoen zer irakurri, nondik hasiko intonazio argi eta kantaria ikasi eta aise eta dotore erabiltzen... Noski, eskola ttikian hori dena ondo erantsi ohi zitzaigun. Halere, baserritik kalera behar zutenek, eguraldia eta urte sasoiak tarteko, zailtasun gehiago behar zuten. Eta bazen sukalderik, eskolako leziotxoa, etxeko txokoan errepikarazten zeneko haietakorik: gero eta gutxiago, egia esan. Izan ginen, joan den mendearen erdialde hartan, eskolan baino gehiago etxean ikasaraziak.

“Jakin” hitzaren mamian sartu nahi izan dut, eta handik sortu zait sarrera aspaldiko eta erdi xelebre hori. “Jakin”, ikasi eta jakiteaz aparte, aspaldi hasi eta oraindik lana ahaztu ez zaion errebista baitugu. Eta lanbide horretxen inguruan, oraintxe 55-57 urte, ordu dexente sartu genituen Arantzazuko teologia ikasketen arteko tarte errazagoetan, “Jakin” aldizkariaren orrialdeak landu eta betetzen.

Dozena bat urte genituela, Arantzazuko seminarioko mutiko jolastiak ginenean abiatua, gerora jarrai ahal izan genuen, alai eta gustuz. Ikasle sorta ginen hartan genbiltzanak: Joxe Azurmendiri lagunduz hasi nintzen ni, Pello Zabaletarekin batera; hurrengo urtean Joan Mari Torrealdai genuen lagun tartean... eta egin zuen lanik, gerora ere, egin zuenez. Joan Mari, hain ezpal oneko langilearekin akordatuz, idatzi nahi izan dut akordu gozo eta gogoangarria. Jakiteak merezi du. Gora “Jakin”! Eta goian Joan Mari ere!