Marcel PENA
PENTSIODUNEN MOBILIZAZIOAK

JAIRIK EZ PENTSIODUNEN BILBOKO ASTE NAGUSIKO MARTXAN

AURTEN ERE Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua Aste Nagusiko astelehenean bildu zen pentsio duinak aldarrikatzeko eta adinekoen egoitzetan bizi den egoera salatzeko. Antolatzaileen arabera, 5.000 pertsona baino gehiago bildu ziren segurtasun neurriek markatutako manifestazioan.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua hirugarren urtez jarraian atera zen Aste Nagusiko astelehenean pentsio publiko duinak aldarrikatzera. Atzoko martxan, ordea, segurtasun neurri guztiak hartu ziren, hala nola maskarak erabiltzea eta ibilbidean zehar segurtasun tarteei eustea. Txosnarik gabeko Areatzan amaitu zen manifestazioa. Antolatzaileen datuen arabera, aurtengo deialdia izan da arrakastatsuena, Moyua plazatik abiatu zen manifestazioan 5.000 parte hartzaile baino gehiago bildu baitziren.

«Ez ditugu ahaztu nahi edo alde batera utzi, pandemiaren aitzakia erabilita, pentsio eta pentsio duinen sistema publikoaren defentsan egiten ditugun eskakizunak», adierazi zuten antolatzaileek ekitaldia amaitzean. Horrez gain, haien esanetan, «pentsioen erdiak baino gehiago 1.080 eurotik beherakoak dira, bizi baldintza duinak lortzeko ezinbesteko muga», eta «miseria pentsio horiek pairatzen dituzten gehienak» alarguntza egoeran dauden emakumeak dira. Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, horrek «generoaren eta pobreziaren arrakala berretsi eta areagotu baino ez du egiten».

Alde horretatik, Madrili, Gasteizi, Iruñeari eta erakunde eskudunei eskatu diete «arazo horiek gainditzeko eta konpontzeko premiazko neurriak har ditzatela, dagozkien urteko aurrekontu publikoak onartzeari itxaron gabe».

Alerta egoitzetan

Aurten, gutxieneko pentsioen aldeko aldarrikapena egiteaz gain, Euskal Herriko zaharren egoitzetan bizi den egoeraren salaketa ere egin zuten pentsiodunek. «Jarraitzen dugu salatzen pandemia hasi eta sei hilabetera mendekotasuna duten adinekoen egoitzak ez direla oraindik leku seguruak eta ez direla gauzatzen prebentzio neurriak, pandemiaren bilakaeraren jarraipena, bizileku egokitzapena, lan baldintzen hobekuntza, ez eta horretarako beharrezkoak diren langile gehikuntzak ere», adierazi zuten agiriaren irakurketan.

Egoitzetako osasun krisiari buruz ere hitz egin zuen Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Plataformako arduradunak, eta azaldu zuen Pentsiodunen Mugimenduak erakundeei bilera bat eskatu ziela bere «kezkak eta alternatibak» azaldu ahal izateko. Haien erantzun bat jaso beharrean, Fanok jakinarazi zuen «ez Gasteizko Gobernuak ez eta foru aldundiek ere ez dietela harrera egin erabiltzaileen senideei, ez sektoreko sindikatuei, ez Pentsiodunen Mugimenduari».

Ados-Consenso Bizkaiko pentsiodunen plataformak pasa den astean egindako manifestazioa atzeratzeko eskaerari dagokionez, Fanok ez zuen polemikatan sartu nahi izan, «nahastu besterik ez baitute egiten». «Gure mugimendua plurala, demokratikoa eta bateratua da. Bat egitera gonbidatzen ditugu», gaineratu zuen Jon Fanok, eta azaldu zuen «zailtasunak zailtasun, manifestazio batera etorri diren milaka pentsiodunak» zirela mobilizazioaren antolatzaileen ardura.

Konpartsen babesa

Bilboko Konpartsetako ordezkaritza batek parte hartu zuen Pentsiodunen Mugimenduaren mobilizazioan. Aste Nagusia bertan behera uzteak ez zuen eragotzi hainbat konpartsakidek konpartsetako elastiko erakusgarriekin parte hartzea.

«Konpartsek pentsio duinen eta osasungintza eta zerbitzu publikoen aldeko ekimen horretan parte hartu nahi izan dute, Aste Nagusiko astelehena izango litzatekeen egun triste honetan, pentsiodunei eta haien aldarrikapenei erabateko babesa adierazteko», jakinarazi zuten Bilboko Konpartsek ohar baten bitartez.