Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Udazken bidean

Garoak eta irak oraintxe dute beren sasoia. Bai gustura ibiltzen nintzela Bedaioko malkartxo haietan garoa biltzen genueneko eguerdiarte haietan. Kamioika polita ekartzen genuen gure bordara, bertako eta etxeko ukuiluko azienda guztientzat ohe goxo eta leun izango zena.

Irailean gaude eta gabiltza. Eta noski, orduan ere, garaitsu honetakoa zen giro garbi, lehor, osasuntsu eta egoki hura. Hala bota zidan herenegun lagun batek: «Pello, baina gero eta giro hobea egin behar al du?». Gero zehaztu genuen hobeago horren mamia? Aire lehor garbi arnasa gustubeteko horren sanidadeaz aritu ginen: aldez alde urruneneraino ere gardentasun argienean ikusiz pozten gaituen hortaz. Jakina, aldez alde hain garbi inguruak denak, eta mendien eta zuhaiztien berde oparoa mardultzen duen zehaztasun horren detaileetaz geniharduen: margo eta koadrorik onenaren poz argi lasaia barneratzen baitzigun hantxe bertan.

Abuztu erditik aurrera, irailaren bihotzean gora, egunaren argia xuabe ixten eta laburtzen doan gainbeheratxo baketsu horretan gozatzen da benetan eguratsaren gardentxo pozgarri hori. Bai. Udaberriko argi berriak, negualdiko airearen buxti umeltxoa baitu artean ere: xalto txikitan, goizean baino arratsean garbi-lehortxoago, hala irauten du udazkeneko arrats garbi gozoa edertuz eta atseginduz.