Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Arriskuak eta aukerak

Pentsamolde mendebaldarrak bere-berezkoa duen gogoeta-bidea da arriskuen eta aukeren ebaluazioarena. Zergatik orduan eskura diren datuekin bidezkoak ez ezik ia ezinbestekoak diren ondorioak ateratzeari uko egin?
Goazen pausoz pauso. Bob Woodward-ek bigarren liburu bat argitaratu du Trumpen agintaldiaz. Trumpekin berarekin egindako hitz-aspertuetan oinarrituta dago idazlana, haren inguruko askoren ele-meleez gain. Hamaika aieru egin da zergatik aritu ote zen bereziki adiskidea ez zuen Woodwardekin kontu-kontari Trump; baina esaten zuen guztia grabatuta geratzen zela jakinik aritu zirela argi dago. Beraz, arazoa ez datza prozeduran.
Zalaparta sortu du ikusteak otsaileko lehen astean Trumpek bazuela jada covid-19aren hilkortasunaren, arriskuaren, ezaguera oso zuzena. Eta berak geroago Woodwardi aitortu zion bezala, gutxietsi egin nahi zuela... oraintxe bertan nabarmena baino nabarmenagoa den emaitza katastrofikoari ataka irekiz. Arriskuaren ebaluazio okerra da, noski. Baina ez hori bakarrik.
Arriskuaren ebaluazio oker horretan beste askoren parean ibili zela argudia liteke... Urruti joan gabe, joan den astean argitaratu da Kanadako aholkulari gorenak egun haietan bertan lehen ministroari helarazitako txosten sekretua, arriskua hutsaren hurrengoa zela esanez. Europako agintarien jokabidea ez aipatzearren.
Baina eragozpen larri bat du Trumpek bide horretatik abiatzeko. Izan ere, nondik zekien Trumpek otsailaren 7an covid-19a horren kutsakorra eta hilgarria zela? Ez da aztia izan behar: goiz hartan bertan Xi Jinpingekin egindako solasetik, noski. Lehen eskuko eta kalitate hobereneko informazioa zuen. Baina «Txinak engainatu egin gintuen» esaka ari denak ezin du hori aitortu… ezta kontrako bidetik urrutiegi joan ere, elkarrizketa haren audioa ere entzun dezagun nahi ez badu.
Eta horrek garamatza askaerara. Batek baino gehiagok ebatzia zuten ordurako covid-19aren arriskuak Txinak nozituko zituela eta AEBrentzat aukerak geratuko zirela. Ez da horrela, Ross jauna?
Bada arriskuak gaizki ebaluatzea bezain txarra da aukerak ere gaizki ebaluatzea.