Amaia U. LASAGABASTER
DERBIA IPURUAN

Athleticek puntuak eraman eta deserosotasuna utzi zuen Ipuruan

Denboraldiko lehen derbiak lehen garaipena ere ekarri zion Athletici. Partida sendoa jokatu zuten zuri-gorriek Ipuruatik puntuak eramateko, aurreko asteotan sufritu duten deserosotasuna Eibarri pasatuz. Armaginek beren bide luzea urrats laburrez ibiltzen jarraitzen dute eta laugarren jardunaldira helduko dira puntu bakarrarekin.

EIBAR 1

ATHLETIC 2

 

Gogoko tokian, aldaparik ez. Eibarren ez dira falta, baina Athleticek gustua hartu dio bertan jokatzeari. Lehen mailan egindako sei bisitetan porrot bakarra izan dute zuri-gorriek Ipuruan eta, oraingoan ere, armaginen zelaian eskuratu dute denboraldiko lehen poza. Aldapan gora eta behera ibiliz (Eibarren kontra inoiz ez baitago lur laurik), baina hainbat pisu kendu zituen gainetik Gaizka Garitanoren taldeak: lehen golak eta lehen puntuak ospatzeaz gain, partida sendoa eskaini zuen, tarteka-marteka gutiziatzen duen jokora gerturatuz.

Bizkaitarrek lortu duten lasaitasuna presak dira Eibarrentzat. Presen mehatxua, gutxienez, Jose Luis Mendilibarrek partida aurretik esan zuenaren arabera, une honetan garaipenen beharraz baino, garaipena lortzen saiatzeko jokatu beharraz hitz egin behar baita. Zoritxarrez, eta aurreko astean gertatutakoaren kontra, zaldibartarrak ez dauka pozik egoteko arrazoi askorik. Hobetzeko egin beharrekoak azkar ikasi beharko ditu, gainera, etzi Elx baitatorkio Ipuruara eta aurkari zuzenen kontra emaitzek jokoak baino garrantzi handiagoa dute, denboraldiko unea edozein izanda ere.

Berritasunekin zelairatu ziren talde biak. Eibarren aldetik, Kevin eta Kadzior heldu berriak lehen aldiz aritu ziren armaginen hamaikakoan, Poloniakoa eskuinean Pedro Leon ordezkatuz eta Realak utzitako jokalaria ezker hegalean –hiru partidatan lau jabe: Kevin, Bigas, Soarez eta atzoko azken minutuetan Arbilla–. Diop ere itzuli zen zigorra bete ondoren –bigarrena barkatu zion epaileak deskontuan erdilariak Cordoba zapaltzeagatik bakarrik txartel horiarekin punituz–, Sergioren lekua hartuz. Garitanok, bere aldetik, Yeray lesionatuta, Balenziaga, Vesga eta De Marcos kendu zituen hasierako taldetik, Nuñez, Yuri, Unai Lopez eta Williams zelairatuz.

Azken biekin gutxienez erabat asmatu zuen. Donostiarrak sartu zituen gol biak, lehena Williamsen erdiraketa aprobetxatuz. Nafarrak berak defentsari arazo handienak sortu zizkion –tarteka izan arren– aurrelaria izateaz gain, gola ere sartu zuen, nahiz eta epaileak pasea eman zion Villalibreren jokoz kanpoko posizioagatik baliogabetu zuen.

Lozorroa nagusi izan zen lehen ordu erdian. Talde biak saiatu ziren hegaletatik sartzen min egitera, baina aurkariak bide berberetik egin zezakeenaren beldurrak frenatuta edo, ia batere arrisku ez zuten sortu. Aukera garbienak Kike Garciarentzat izan ziren. Lehenbizi gora bota zuen Inuik ezkerretik pasatutako baloia, eta gero behaztopatu egin zen Kandziorrek eskuinetik egindako erdiraketa dotorea errematatzeko unean.

Capak abisatu, Unai Lopezek jo

Bizkaitarrak ez ziren hain eskuzabalak izan. Capak jaurtiketa on batekin Dmitrovic sasoian dagoela egiaztatu eta jarraian etorri zen Athleticen lehen gola. Correak baloia galdu, Morcillok hartu, Williamsek erdiratu eta Unai Lopezek area handiaren lerrotik jaurti zuen, zutoinaren albotik sartuz. Atzoko gol guztiekin gertatu zen bezala, ospakizuna atzeratu behar izan zuten zuri-gorriek, Williamsen balizko jokoz kanpokoa aztertu baitzuten VOR gelan.

Arbolak astindu barik intxaurrak hartzea ezinezkoa dela ikusita, aldaketak egin zituen Mendilibarrek aldageletatik bueltan. Baina izen –Quique eta Pedro Leon zelairatu ziren Kaziorren eta Recioren ordez– eta marrazki –bi aurrelarien sistema berreskuratu zuen– berrien eragina zein izan zitekeen egiaztatu aurretik heldu zen berdinketaren gola. Unai Simonek Kevinen erdiraketa desbideratu zuen bigarren zatia hasi bezain laster eta ondorengo kornerrean Kike Garciak 1-1ekoa sartu zuen, Pedro Leonen baloia burukada zorrotz batekin errematatuz.

Markagailuan eta soropilean parekatu zen norgehiagoka. Deseroso, Garitanok aulkira begiratu zuen. Eta konponbidea topatu zuen, Ipuruan jokatutako azken derbian gertatu zen bezala, Villalibreren sarrera erabatekoa suertatu baitzen. Zuri-gorrien erasoa berpiztu zuen, zelaia etxekoen arearantz okertuz. Williams ere asistitu zuen, nafarrak 1-2koa sartzeko, nahiz eta epaileak baliogabetu Villalibreren beraren jokoz kanpokoagatik.

Mugimenduek ez zioten hain emaitza ona eman Eibarri. Minutuak igaro ahala, armaginen eraso jokoa moteldu zen, Dmitrovicen inguruan arrisku sentsazioa handiagotzen zihoan heinean, aurkariaren kontraerasoen ondorioz. Partidaren azken txanpan, minutu bat lehenago zelairatutako Sancetek baloia zabaldu zuen eskuinera, Capak erdiratzeko eta Unai Lopezek markagailuan behin betiko aldaketa idazteko, pilota area txikiaren barruan gurutzatuz.

Kevin jaurtiketa on batekin erantzuten saiatu zen azken minutuan, baina puntuak ez ziren bizkaitarren poltsikotik irten.