GARA
BILBO

24 orduko greba deitu dute gaurko Tubacexen enpleguaren defentsan

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen negoziazioa akordiorik gabe amaitu ondoren, 24 orduko greba deitu dute gaurko Tubacexen. Atzo LAB sindikatuak iragarri zuenez, helburua Aiaraldeko enpresan lanpostuak defendatzea da.

Pasa den ostiralean, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente berri baten negoziazioa akordiorik gabe itxi zen Tubacexen, LAB sindikatuak azaldu zuenez. «Tubacexek amaitutzat eman du kaleratze eta soldata murrizketen negoziazio prozesua, eta, epe laburrean neurri estrukturalak hartzearekin langileak mehatxatzen dituen bitartean, erregulazio espediente berri bat aurkeztu zuen covidaren aitzakiarekin, %80ko eraginarekin eta hiru hilabeteko iraupenarekin», azaldu zuen sindikatuak prentsa ohar batean.

«Negoziazio prozesuan beste behin ere argi geratu da enpresak ez duela inolako borondaterik LABen eta zentroen arteko batzordearen proposamenak negoziatzeko, euren artean, enplegua bermatzea. Espedientearekin gauza bakarra nahi du Tubacexek: denbora irabazi, soldatak jaitsi eta langileak kaleratzeko duen planarekin jarraitzea ahalbidetuko dion etorkizunerako prestatu», gaineratu zuen LABek.

«Kalean jarraituko dugu»

«LABen argi dugu enpresak urriaren 15ean iragarritako erregulazio espedientea aurkeztu ez bazuen planteatutako neurriak negoziatzeari uko egin ondoren, mobilizazioari esker izan zela», azaldu zuen LABek. «Horregatik, Tubacexeko enpleguaren, eskualdekoaren eta gure lan baldintzen defentsan kalean jarraituko dugu». Horren erakusle, gaur langileei 24 orduko greba deialdiarekin bat egin eta berriro ere kalera ateratzeko deia luzatu die.

Aiaraldearen egoera ez da batere samurra, LABek nabarmendu bezala, «krisi ezberdinek» gogor kolpatu baitute eskualdea. «Langileak pobretuz jarraitzeak sektore guztiak arriskuan jartzea ekarriko luke. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu langileekiko eta euren enpleguekiko konpromisoa har dezala», azpimarratu zuen LABek atzoko oharrean.