Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Edozein egunetako bizipoza

Badira egun batzuk non itxaropenak eztanda egiten dizun barruan. Adibidez, kalera ateratzen zara pasieran eta hara non bat-batean denen ahotan euskara entzuten duzun, baita gaztetxoei ere beren artean! Euskaraldia hasita ote dagoen pentsatzen duzu, jendearen paparrak behatuz, baina ez… euskara paseatzera atera da herritarrekin batera, pandemia tarteko gure erakundeak etengabe gutxiesten eta mapatik desagerrarazten ari diren garai honetan. Ederra!

Edo ohartzen zara, halako batean, inguruko jendea ez dela ari bigarren olatuaz edota mugikortasun-murrizketez berbetan; aurpegi horien kopetak ez dabiltzala belztuta, eta begiradak atsekabetuta; maskarapeko aho horiek, dela alaiki dela serioski dela sutsuki, beren bizitzako kontuak aletzen edo beste giza arazo batzuk eztabaidatzen dihardutela… Are gehiago: aurrera begirako planak egiten ez dabil, bada, jendea! Ez al da zoragarria?

Baikortasunak hartzen dizu barrena ustekabean, pentsatzen hasten zara herritarrok benetan geure burua zaintzen ari garela, geure buru mental eta emozionala, geure buru linguistiko eta kulturala, gurean geure izateko modua… Alegia, gure instituzioek egoera honen hasieratik bertatik bazter ahalik eta urrunenera bidali duten hori guztia; hori bai, pertsonon eta jendartearen ongizatearen izenean, haien esanetan, inolako koherentziarik gabeko jardun inprobisatuan, gehienon ustetan.

Eta, hala ere, dagoeneko jakin badakigun arren agintariek ezpainetan «pertsonak» eta «jendartea» darabiltenean pertsona batzuez beste batzuez baino gehiago eta jendarte-eredu oso konkretu batez ari direla, lehenik eta behin nortzuk eta zertzuk zaindu –produktibitate eta etekin monetarioa beti jomugan– ederki kalkulatuta eta hitzartuta dutela, badaude halako egun batzuk non itxaropenak eztanda egiten dizun barruan… eragiten ari zaizkigun burbuila mentaletik kalera atera eta egiaztatuta jendea ez garela apokalipsi biriko bateko zonbi huts bilakatu, non jada denak bost axola duen.

Itxaropena eta etorkizunerako proiekzioa beharrezkoak ditugu pertsona izaten jarraitzeko, emaitza negatibo batetik harago pertsona osasuntsuak. Gizakion sena hori, orain inoiz baino gehiago sustatu eta indartu beharrean, murrizten eta are erauzten ari zaizkigula iruditzen zait, batez ere kalera irtetea eta bizitzen jarraitzea heriotza ziurraren parekoa dela buruan txertatzen ari zaien pertsonei, kaleko bizitasunak eta jendeak kutsatzen duten kemena, bizipoza, eragozten ari baitzaie.