Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Oinak gurean

Bizi izaten garen historiako istorio hau hain da bereganatzailea, hainbeste okupatzen ari da hala eremu publikoa nola pribatua (harremanak izateko moldeak, solasaldiak, aukerak…), ezen munduaren ohiko martxa berez gatazkatsuari, munduan konpontzeko ditugun milaka, milioika, auziei halako “eta, gainera,” jasangaitzegia itsatsi zaien; aurretik ere bagenuen horrekin guztiarekin “eta, gainera,” honekin borrokatu beharrean gara; “eta, gainera,” gero eta nekatuago, estresatuago, frustratuago kezkatuago edota atsekabetuago gauden honetan.

Erlaxatu beharra dugu, artez edo moldez, pertsona izaten jarraituko badugu, nork bere ametsak, itxaropenak eta jomugak dituzten pertsonak, hala nola horiek guztiak edo zenbait, behintzat, partekatzen dituzten kolektiboei eraginkortasunez eusten, indarra ematen, asmatuko badugu. Nik irakurketara jo dut horretarako, horrek baretzen nau hormaz barrura beste edozer gauzak baino gehiago; kurioski, ez fikzioak, ez norbaitek asmaturiko pertsonaiek eta korapiloek, ez gure errealitatea edo are neure burua ahantzarazten dizkidaten liburuek. Alderantziz, zeharo, eta uste dut topatu diodala azalpena nire une hauetako literatura-aukerari: ez dut nahi benetan axola zaizkidan gauzak, honetan eta hartan parte hartzera bultzatzen nautenak, nire izaera elikatzen dutenak, etorkizun jakin bat eraikitzeko beste lagun askorekin elkartzera eramaten nautenak… pixkanaka diluituz joatea, ohartu gabe, osasun-krisi honek eta eragiten ari den guztiek irentsita, batetik, eta tarteka horretaz guztiaz ahaztu beharrak edo garrantzitsutzat jotzen dudanari eusteko etengabeko ahaleginak bultzaturik fikzioaren bidez anestesiatuta, bestetik. Luze doa hau, eta beldur naiz ez ote zaidan hori gertatuko, ez ote zaigun denoi jazoko, eta horrela ez ote dugun, jakitun ala jakin gabe, partida abandonatuko. Pandemia hau amaitzen denean lehengoak eta sortuko direnak desagerrarazten segitzeko partida. Esperantza dut, ordea, zuek ere beldur hori izatea, eta ariko zaretela modu konstruktiboan bilakatzen, zuen nolakotasunetik, zuen erara.

Nire kasuan, Anjel Lertxundiren “Itzuliz usu begiak” nire ofizioaren gaineko hausnarketa elikatzen ari da; Susan Sontagen obraren eta bizitzaren biografia feminismoaren nire ezagutzan eta ikuspegi kritikoan sakontzen laguntzen ari zait; eta Uxue Alberdiren “Dendaostekoak” Elgoibarren kokatuak etxean eta etxekoekin sentiarazten nau. Hirurak batera, zarata honek ez diezadan nor naizen eta izaten jarraitu nahi dudan ostu