Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Aurtengo une hau

Duela 25 urte izan zen Emakumeei Buruzko Munduko Laugarren Konferentzia, Pekinen (Txina), genero-berdintasunean inflexio-puntutzat joa nazioarteko agendara andreon egoera espezifikoak ekarri zituelako, eta egoerok iraultzeko munduan ezarri beharreko askotariko planak eta neurriak. Gure ama han izan zen, eta oso garbi daukat gogoan zer-nolako aldartearekin itzuli zen etxera, zer-nolako zirrararekin kontatzen zigun beste milaka andreren artean bizi izandakoa. Uste dut mundu-mailan elkartu izanak hunkitu eta adoretu zuela batez ere ama, munduko andre guzti-guztion etorkizun hoberako, bidezkorako, oinarriak elkarrekin ezarri izanak, behin betiko lorpentzat jota.

Bi hamarkada geroago, argi daukat belaunaldi gazteagook antzeko zerbait bizi izan genuela Martxoaren 8ko greba feminista gogoangarri hartan, duela 2 urte. Gutako bakoitza agian inoiz baino subjektu eta protagonista aktiboago sentituz, beste milioika subjektu eta protagonistarekin batera, gure lan-eskubideen defentsaz harago, batik bat munduko ordena patriarkalaren aurkako iraultza aldarrikatzeko kaleak hartu eta mota guztietako emakumez bete genituen egun hartan, mundu zabaleko borroka feministak asko irabazi zuen: borrokalari gehiago ez ezik, mugimendu osoaren ilusio, gogo eta mundua hobetzeko beste biderik ez dagoelako konbentzimendu irmoa ere bai, ahizpatasun-sentimendu jada hauskaitzez jantzia; eta, egungo sareei eta harremanetarako milaka moduei esker, mundu-mailako energia, sinergia eta batasunaren berrespena ere bai, bide horri eusteko konpromiso tinkoa, finean, bere garaian Pekinen bezala.

Gaur, genero-berdintasunaren aldeko egutegian nabarmendutako Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren atarian, mundua osasun-pandemia batean murgilduta dago, zeinak argi utzi duen, besteak beste, nork galtzen duen beti krisi-garaian, nor gainkargatzen den gehiago, nor pobretzen latzago, nor uzten are babesgabeago, noren etorkizuna bilakatzen beste behin, indarkeria-mota anitzen bidez, hauskorrago.

Hortaz, egun bereziki aproposa izango da etzikoa, historiako beste une erabakigarri batean gaudelako, munduko agintariei Pekinen hartutako erabaki guzti-guztiak exijitzeko, ozenki jakinarazteko gogotsu, konprometiturik eta erabat konbentzituta segitzen dugunok ez dugula onartuko harrezkero lortutako guztian milimetro bat atzera eraman gaitzaten, pandemia honi aurre egiteko bizi ditugun beste pandemiekin amaitzeko beharrezko guztiak alboratuz egiten dituzten plan eta neurrien bitartez.