Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Txalaparta doinuen erritmora, Artze hil ondorengo bere lehenengo liburua irakurgai

Joxan Artzek idatzitako testuekin dago osatua «Txalaparta, tradizioaren abaroa» liburua, Elkarrek argitaratua. Artze hil ondorengo bere lehen liburua da, txalaparta doinuen erritmora idatzitakoa.

Joxan Artzek bere bizitzako azken unera arte ondutako testuekin osatu du Elkarrek “Txalaparta, tradizioaren abaroa” liburua. Irakurleak jada eskuragarri dauka Artze hil ondorengo bere lehen liburua, usurbildarraren heriotzatik kasik hiru urte bete diren honetan.

«Batzuetan, bere idazkerak ttakunaren oihartzuna du, beste batzuetan, herrenarena; zenbaitetan sortzen du ordena, beste hainbatetan, kaosa. Makila-kolpeek aldiro eragiten dute oreka eta desoreka. Kolpeen arteko isiltasunak kokatuko du irakurlea orain eta hemen, denboraren mugagabetasuna antzeman daitekeen lurralde misteriotsuan», kontatzen du sinopsiak.

Hitzaurre bat izan behar zuena, prosa eta poesia liburu bilakatu zen Artzeren barnean, «arnas luzeko gizona zelako» eta «hitzaurrea mugatuegia zelako berarentzat, eta zer esanik ez txalapartaren ingurukoa izanik», adierazi zuen liburuaren aurkezpenean Antxiñe Mendizabal editoreak.

Joxan eta Jesus Artze anaiek txalapartari balio sinbolikoa eman ziotela eta instrumentua gizarteratzeko zein garaikide bihurtzeko eginiko lana goraipatu zuen Mendizabalek. Azken liburu hau «bilduma horren osagarri» izan daitekeelakoan da. Bere esanetan, Artzerik «poliedrikoena» aurkituko du irakurleak.

Prosatik poesiarako jauzia

Artzeren hilondoko liburua da, eta joan aurretik utzi bezala argitaratu dutela azpimarratu du editoreak. «Irakurleak noizik eta behin aurkituko ditu esaldi amaigabeak, zalantzazko puntuazio-markak, zuzendu gabeko hitzak, maketazio-akatsak… Bere horretan utzi nahi izan dugu, perfekzio eta zuzentasun ezak ere baduelako edertasuna, eta batez ere, egiazkotasuna». Hartara, Mendizabalek ñabartu du ez dela «liburu amaigabe bat, amaierarik ez duen liburu bat baizik».

Prosarekin hasi eta poesiarako bidea hartzen du Artzek liburuan. Txalaparta zer den azaltzetik, honen balio sinbolikoan murgildu eta espiritualtasunarekin topo egitera.

Artzek bere emazte Karmen Estebani eman zion opari lan hau eta, horregatik, argitaletxearen esker ona jaso zuen.