Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Ondareak

HBO katearen bidez aireratu den “Lovecraft Country” telesailak zeresan handia eman du AEBetan. Matt Ruffek idatzitako izen bereko nobelan oinarriturik dago Misha Greenek zuzenduriko telesaila (nahiz eta jatorrizko testuari zenbait aldaketa eta ekarpen egiten dizkion azken horrek), eta Koreako gerratik AEBetara itzuli berria den Atticus Tic Turner gazte afro-amerikarra du protagonista. Osaba-izeba Hippolyta eta George zein haurtzaroko lagun Rubyren laguntzarekin, Braithwhite abizeneko New Englandeko familia zuri aberats batekin lotzen duen historia tragiko bezain beldurgarriari aurre egingo dio.

H.P. Lovecraften literatura zaleek berehala antzemango dituzte beldurrezko fikzioaren aita pontekoari zuzenduriko keinuak telesailean zehar (nobelan baino dezente gehiago), izenburutik hasita. Eta keinu horietatik abiatuta Lovecraften lanaren eta afrikar-amerikarren esperientzien arteko harreman intimoa azaleratzen du telesailak. Izan ere, anglosaxoi zuri supremazista peto-petoa zen idazlea eta bere beldurrezko fikzioaren ezaugarri diren munstroak, Cthulhu bera barne, “arraza” zuriaren purutasunarentzat bere ustez “behe-mailako” kontsideratzen zituen “arrazak”, beltzak batik bat, ziren arriskuaren adibide dira. Greenek zuzenduriko telesailak Lovecraften arrazakeria, denbora luzeegiz ezkutatu den hori, agerian utzi baino gehiago egiten du; idazleak bere literaturaren bidez defendaturiko ideologia supremazistak afrikar-amerikarren bizitzak gaur egunera arte nola baldintzatu eta akabatu dituen argi eta garbi azaltzen du.