Asier ROBLES
BILBO

Haurren transexualitateak badu bere abestia

Diren bezala onartuak izateko borrokan ari diren haurrentzako abestia eta bideoklipa aurkeztu zuen, atzo, bi urte bete dituen Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak. Kai Etxanizek konposatu du, eta Josune Arakistain, Maria Antunez eta beste zenbait artistaren laguntza izan du. Bideoklipean hainbat haurrek hartu dute parte.

Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak abesti eta bideoklip berria kaleratu zuen atzo, Bilboko BBK aretoan. «Diren bezala onartuak izateko borrokan ari diren neska eta mutil bakoitzaren soinu-banda bihurtzeko asmoz» sortutako abestia Kai Etxanizek konposatu du, eta Riki Rivera, Luis del Toro, Ekaitz Goikoetxea, Josune Arakistain eta Maria Antunez artisten laguntza izan du.

Aurkezpenean gogoratu zutenez, bi urte pasatu dira Naizen elkartea sortu zenetik, Chrysallis Euskal Herria-ri jarraipena emanez, eta ‘Nor naiz?’ spot saritua aurkeztu zutenetik. Atzo plazaratutako ikus-entzunezko proiektu berriak helburu bera du: transexualitate egoeran kideren bat duten familiek beren etxeetan bizi duten errealitatea ikusaraztea.

Naizenen Hego Euskal Herriko 200 familia inguru daude gaur egun, eta elkarri laguntzeko sare bat osatzen dute. Horrez gain, beraien seme-alaben errealitatea ikusaraztea eta neska zein mutil horien eskubideak eta aldarrikapenak zabaltzea da elkartearen zeregina.

Egitasmo berriak abestia, bideoklipa eta horren grabazioaren making-of-a biltzen ditu. “Naizen/Yo sé quién soy” abestia Kai Etxaniz artista nafarrak konposatu, ko-idatzi eta ekoiztu du, Ekaitz Goikoetxearen laguntzarekin euskarazko letrarako eta Riki Riveraren laguntzarekin ekoizpenerako. Huntza taldeko Josune Arakistainek eta Maria Antunezek lagundu dute musikan. Gainera, Luis del Toro soinu ingeniari ospetsua izan du ekoizpen teknikoan.

Markina-Xemeinen Naizeneko haurrekin grabatutako bideoklipa Luz Tatok eta Ander Shinovak (GatoBala Films) egin dute. Egitasmoa Luis Azanzaren (Fuego Películas) making-ofarekin osatu da.

«Hunkigarria»

«Nik uste dut abestia hunkigarria dela, uste dut bihotzean atximur egiten duela haur hauek egiten duten bezala, ikaragarriak diren txiki hauek. Eta ezagutzea soilik berez gozamena da eta bizitza zabaltzen dizu», esan zuen Kai Etxanizek.

«Miresgarria iruditzen zait beraien naturaltasun guztiarekin esatea ‘begira, ni hau naiz eta listo’. Aldi berean, inpotentzia pixka bat ematen dit aldarrikapen hori egin behar izateak, iruditzen zaidalako bakoitza den bezalakoa dela eta ez duela azalpenik eman behar modu batekoa delako edo beste modu batekoa. Azkenean zu modu batekoa zara eta listo, ez diozu inori ezer esan behar» hausnartu zuen Arakistainek.

«Zabal dezagun gure mezua abestiaren bidez. Gure kantua oraindik iluntasunean dauden pertsonengana hel dadila. Lagundu diezaieketen eskuak aurki ditzaten, argiz bete eta hegan egin ahal izateko», esan zuen Bea Sever Naizeneko kideak.

Etorkizuneko erronkak

Bi urteko ibilbideari buruz galdetuta, Severrek EAEn lortu duten 2012ko legearen aldaketa azpimarratu zuen. 2019an egin zen moldaketa berriak transexualak halakotzat hartuko direla bermatzen du, txosten mediko batek egiaztatu gabe eta tratamendurik jaso gabe. «Hori oso aurrerapauso garrantzitsua izan da», adierazi zuen.

Baina era berean, etorkizunerako erronka lege horretan sakontzea dela nabarmendu zuen Severrek. Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko lege hori aitzindaria izan zela aitortu arren, gaur egun «zaharkituta» geratu dela nabarmendu zuen eta berritu beharra dagoela.

«Batik bat, osasun arloko protokoloak aldatu behar dira eta hezkuntza zentroetan formazio integrala egon behar da. Gaur egun, transexualitateari buruz ez da ikasten inongo karreratan eta ez dago aurreikusita materialetan. Hori guztia bermatu nahi dugu», azaldu zuen Naizeneko kideak.