GARA
IRUÑEA

Espetxeko baldintzak direla-eta, kimioterapiari uko egin dio Troitiñok

Antton Troitiño preso donostiarrak duen gaixotasun larria dela-eta jasotzen ari den kimioterapia tratamendua uztea erabaki du, ez baitzaio «batere bideragarri egiten tratamenduan jarraitzea, bai animoan bai fisikoki espetxe-baldintzak gaindiezinak direlako»

Etxerat elkarteak ohar bidez jakinarazi zuen atzo Antton Troitiño euskal presoaren osasun egoera «nabarmen okertu» dela azken egunetan. «Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman dute kimioterapia jasotzera, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa (ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko, ez du dieta egokirik hartzen, medikazio falta…) eta aske utzi arte kimioterapia tratamendua etetea erabaki du, bere gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideengandik hurbil», adierazi zuen Etxeratek.

Troitiñoren egoera «larria eta onartezina» dela azpimarratu zuen Etxeratek eta, hala ere, astelehenean esan zutenaren harira, «Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioak jasaten» ari dela oroitarazi zuten.

«Izan ere, gaixotasun larriari erreparatuta, urtarrilaren 11n, 104.4 artikuluaren bidez kartzelatik ateratzeko autoa eman zuen espainiar Auzitegi Nazionalak; aldiz, atzo, 15 egun geroago, formula aldatu eta baldintzapeko askatasuna jaso zuen beste auto batek. Baina kasu guztietan, emandako autoen irmotasuna deklaratzeko behar diren epeak mantentzen ari dira Troitiñoren osasun-egoera kritikoa baloratu gabe, eta, gauzak horrela, espetxean jarraitzen du», adierazi zuen.

Troitiñok gaixotasunaren lehen sintomak 2020ko apirilean sentitu bazituen ere, irailera arte artatu ez izana gaitzetsi zuen elkarteak, «orduan bere defentsak bere askatasuna eskatu baitzuen». Ildo horretan, «egoera hau batere zilegia» ez dela eta ezin dela onartu presoa oraindik espetxean egotea aldarrikatu zuen Etxeratek, hau gaineratuta: «Salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea eta euskal presoek jasaten dituzten salbuespenezko beste neurri batzuk desaktibatzeaz gain, presoen bizi-baldintzak duinak izan daitezen eboluzionatu behar du».

Orotara, Antton Troitiño euskal presoak 30 urte baino gehiago eman ditu kartzelan. Bere aurkako jazarpena ez zen amaitu kondena bete zuenean. 2011. urtean gertatu zen hori, Huelvan, 24 espetxe urte baino gehiago bete zituenean, baina hurrengo egunetan zenbait hedabide espainoletan eskandalu gisa aurkeztu zuten erabakia, eta Intxaurrondoko etxera kazetariak bidaltzera iritsi ziren; horren ondorioz Euskal Herritik joatea erabaki zuen Troitiñok.

Hortik gutxira, berriz kartzelatzeko agindua eman zuen espainiar auzitegi bereziak. Ehiza moduko bat abiatu zen orduan eta azkenean Londresen atxilotu zuten Troitiño, baita inputazio berria osatu ere: «Berriz ETA erakundean sartu izana».

Jakina da ordurako (2012ko ekainean, hain zuzen ere) ETAk borroka armatua behin betiko utzia zuela. Hala ere, erakundearen zerbitzura jarri izana leporatu zion Auzitegi Nazionalak, eta estradizio prozesu luze bat abiarazi zuen, zeinean donostiarra batzuetan aske eta beste batzuetan preso egon zen. Segurtasun handiko Belmarsh espetxean izan zuten.

2017. urtean britainiar auzitegiek ontzat eman zuten Espainiaratzea eta geroztik Estatu espainoleko kartzeletan egon da berriz Antton Troitiño. Ia sei urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, berez inolako ekintzarik ez zuela egin onartuta baina berriro «ETAren zerbitzura» egotea leporatuz. Madrilgo Estremera espetxean egon da orain arte.

Kartzelaldi guztiak batuta, 30 urte baino gehiago izan dute Troitiño giltzapean; horietako luzeena, 1987tik (“Madril komando”-ko kidea izateagatik atxilotu zuten) 2011. urtera artekoa da.