GARA
DONOSTIA

Musika eta kontalaritza batuko ditu «Elkano battela» ikuskizunak

Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak asmatu eta landutako sorkuntza da «Elkano battela, xumea baina gurea». Getariako nabigatzailearen lehen mundu biran oinarrituta, ikus-entzuleak «musikaz eta literaturaz osatutako bidaia oniriko batean barrena gozo gidatu» nahi dituzte.

“Elkano battela, xumea baina gurea” ikuskizuna helduentzat sortu dute elkarlanean Koldo Amestoy kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak, kontakizunak eta musika uztartuz, Getariako Juan Sebastian Elkano nabigatzailearen lehen mundu-biran oinarrituta, hiruren artean ikus-entzuleak «musikaz eta literaturaz osatutako bidaia oniriko batean barrena gozo gidatzeko».

Artistek atzo aurkeztu zuten obra Donostian, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendari Pantxoa Etchegoinekin eta Elkano Fundazioko proiektu koordinatzaile Rafa Zulaikarekin batera, horiek baitira ikuskizuna sustatu duten bi erakundeak.

Amestoy honela mintzatu zen: «Elkanoren itsasbideari jarraituz, hark sekula entzun gabeko kontakizun eta kondaira batzuk aurkitu nituen, eta haietan oinarrituta kontakizuna antolatu dut». Nerea Alberdik, berriz, «hainbat lekutako kutsuak» dituen partitura bat garatu du, kontakizuna lotu eta girotzeko. Agertoki gainean, Kepa Elgoibarrek musikarekin eta abestiekin aberastuko du helduentzat sortua izan den kontakizun- eta musika-ikuskizun hau.

Oraingo osasun-egoera dela eta, sortzaileek elkartu ezinik garatu behar izan dute lanaren zati handi bat baina, aipatu zutenez, jada hasiak dira elkarrekin entseatzen, martxoan Getarian izango den estreinaldirako, «pandemiari aurre egiteko neurri berriek aukera ematen badute, behintzat».

Ikuskizunaz ere mintzatu ziren. Obra Juan Sebastian Elkano esploratzailearen mundu birak inspiraturikoa da: «Batel barku ttikia itsasoratzen da, kaio bat gidari duela eta Lutxi neska gaztea lemazain, honek eginkizun bat baitezpada burutu behar duela eta. Itsasoan gaindi nabigatzean bidean ez galtzeko, iparrorratza erabiltzen du, larruzko pilota zahar bat, hain justu. Ozeanoak zeharkatuz doazela, itsasalde berri batetik uharte ezezagun batera, bidenabar, hiru ibiltariak hainbat ustekabe eta gertaldiren lekuko izango dira», kontatu zuten.

Estreinaldiaren egunean, lehenengo zirkumnabigazio harekin zerikusia izan zuten euskal udalerrien arteko loturak estutzea ere izango dute helburu, 2019an bezala. Urte hartan, “Itsasoratze Ituna” sinatu zuten, alegia, euskal herritarrek espedizio hartan izandako garrantzia azpimarratzen eta itsasoa euskal kulturaren parte eta herrien arteko zubi dela aldarrikatzen duen testua.

Getarian estreinatu eta gero, apirilean Ipar Euskal Herrian ikusi ahalko da ikuskizuna.