Ahaztutako erregina ezagutarazteko komikia
Euskal Herriko historian erregina garrantzitsua da Katalina Foixekoa, baina ez da behar bezain ezaguna. Nafarroako Erdi Aroko erresuma Errenazimentura eraman zuen, konkistan galtzeko. Ahaztutako erregina ezagutarazteko asmoz, komiki bat kaleratu du Nabarraldek.

Joseba Asiron Iruñeko alkate zenean etorbide bati Katalina Foixekoaren izena jarri ziotenean polemika piztu zen (ordura arte Armadaren Etorbidea deitzen zen). Kale bati erregina baten izena jartzea egokia zenik zalantzan jarri zuten batzuek. Gaztelak zuzendutako Nafarroako Erresumaren konkista pairatu zuen erreginaren izaera eta figura ezezagunak zirela argi ikusi zuten Nabarraldeko kideek. Katalina Foixekoa nor izan zen hedatzeko behar horretan komiki formatua hautatu dute Nabarraldeko kideek. Angel Rekaldek (Asironen laguntzarekin) egin du gidoia eta Ainara Azpiazu Axpi izan da ideia marrazkietara pasa duena.
«Pasarte bat hautatu dugu, pertsonaia aurkezteko. Ezagutza falta bat zegoela ikusi genuen eta zerbait ateratzea ideia ona zela uste genuen», azaldu dio GARAri Rekaldek.
Joan den urtean lau mende bete ziren 1620an Frantziako eta Nafarroako koroak erregetza berdinean batu zirela eta geratzen zen burujabetza desagertu zela. «Hori ere ez da batere ezaguna, baina mendeurrenarekin aprobetxatu genuen hori jorratzeko. Konturatu ginen Iparraldean Errenazimentu oso aberatsa izen zela. Eta oso interesgarria. Eta batez ere egon zirela hiru emakume, hiru erregina, Katalina Foixekoa, Margarita Angulemakoa eta Joana Albretekoa, Errenazimentu horretan», nabarmendu du Rekaldek.
Prozesu horren abiapuntuan Katalina Foixekoa dago. «Oinordeko bezala Erdi Aroko erresuma hartu zuen. Izurriteak, gerra, miseria... Oso atzeratuta eta pobretuta zegoen erresuma zen. 34 urte egon zen erregina bezala eta egoerari buelta eman eta Estatu berri bat sortu zuen, aurreratua», gaineratu du.
«Historiara erregea Joan Albretekoa izan zela pasa bada ere, benetako erregina Katalina zen. Agintzen zuen eta nortasuna zuen. Pertsonaia oso esanguratsua izan zen, Nafarroako historian berebiziko garrantzia izan zuena. Administrazioa berritu zuen, ekonomia arloan azokak jarri zituen herrietan, inprenta jarri zuen... Horrekin baketzea lortu zuen. Europako gorte nagusienetan Nafarroako enbaxadoreak jarri zituen, ordura arte egiten ez zena. Nafarroako martxa aldatzea eta baketzea lortu zuen», nabarmendu du Rekaldek.
1512ko konkista eman zenean, Iruñetik ihes egin behar izan zuen Nafarroako Erresumako Gorteak. Iheslarien artean, erregina eta bere familia osoa. Nafarroa Behererantz jo zuten ihes horretan, eta, bidean, erreginaren seme Frantzisko hil egin zen. Ainara Azpiazu Axpi izan da Katalina erreginaren figura komikira pasatzearen arduraduna, eta semearen galera hori oso sinbolikoa dela uste du, erresumaren galera bera identifikatzeko baliagarria baita.
Egindako lana motz geratu zaiola onartzen du Azpiazuk, Katalinan pertsonaia «oso sakona» topatu duelako. 24 orrialdeko komiki bat prestatu du, baina gehiago izan zitezkeelakoan dago. Beharbada, etorkizunerako proiektu bat izan daiteke.
Irudi aldetik estilo propioa mantendu du Azpiazuk lan honetan. Komikia historikoa izanik, hori bai, estetika errealistagoa erabili du. «Nire estilo grafikoa ez da hori. Helduentzako komiki bat egiten saiatu naizen arren, nire estiloa ere mantendu dut», azaldu du. Gauzak horrela, komiki ulerterraza egin nahi izan du, «marra eta itzaletan gehiegi galdu gabe». Kolore planoen aldeko apustua egin du Azpiazuk.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
