Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Udaberria ate joka

Gauza jakina da udaberriaren etorrerak gizakiongan daukan eragina; batez ere, gure aldartean. Baina gizakion odola bezalaxe aztoratzen ote du eguraldia udaberriak? Ba erantzuna baiezkoa da.

Izan ere, udaberrian eguraldia ezegonkortu egiten da. Ezegonkortasun hori zergatik sortzen den? Bada, atmosferan hainbat faktore aldaketa gertatzen direlako, neguko eguraldiarekin alderatuz.

Lehenik eta behin, Europan neguan oso ohikoa den antizikloia, Siberiarra deiturikoa, desagertu egiten da. Horrek, Atlantikoan sortutako borraskei kontinentean sartzea, eta guri eragitea, ahalbidetzen du.

Bestetik, intsolazioa daukagu. Eguzki orduak nabarmen ugaritzen dira udaberrian, eta horrek penintsularen eta gure txokoaren berotze progresiboa ekartzen du. Berotze progresibo horrek batez besteko tenperaturen eta tenperatura maximoen igoera ekartzen du.

Corriente del chorro deiturikoak latitudean gora eginagatik, guregana aire hotz poltsak garraiatzen ditu, tarteka egoera kaskarragoak eraginez.

Beraz, faktore horiek guztiek bat egiten dutenean, eguraldi ezegonkorrak suertatzen dira. Lurrean pilatzen den berotasunak eta oraindik ere goietan dagoen aire hotzak talka egitean ekaitzetarako joera nabarmena izaten da.

Hori da Euskal Herrian izan ohi dugun udaberriaren esentzia: ekaitza.