Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Babesa

Medikuaren kontsultara deitu du, bere amari txertoa noiz jarriko dioten jakin nahi du. Lasai eta astiro hasi da azalpenak eman eta entzuten, baina ez da berak behar duen erantzunik jasotzen ari eta elkarrizketaren tonua gogortzen joan da. Negarrari eutsi ezinik amaitu du eta telefonoa eskegi du. Sakonean badaki txertoak ez diola aspaldian sentitzen duen barne gatazka arinduko, baina pausu bat aurrera egingo lukeela uste du eta azken urtean atzerakoak baino ez ditu ezagutu.

Telefonoaren beste aldean zeudenek, nekeak jota horietako asko ere, ez dituzte ulertu emakumearen presa eta ezinegona; ama etxean du, ez da bertatik irteten eta, beraz, beren ustetan, ez du beste batzuek adinako arriskurik gaixotzeko. Ez dira konturatu ama gaixotuko duen beldurrak emakumeari zer-nolako zama eragiten dion; ez dira ohartu pisurik handiena beti bere bizkarrean izan badu ere, zaintzarako osatua zuen sare txikia apurtu zaiola erabat, eta bakarrik geratu dela. Zama sentitzeak sortzen dion ezinegona ere ezin dute ulertu, hura askatzeko sentitzen duen ezina eta horrek eragiten dion nekea.

Asko entzun du zaintzaz eta hark eragiten duen zama fisiko eta psikologikoaz, eta egoera horretan dagoen bakarra ez dela jakiteak arintzen badu ere, ez du nahikoa. Ikerketa hainbatek azaleratu dute covid-19ak emakumeengan izan dituen ondorioak. Birusaz kutsatzeko arrisku gehiago dutela diote batzuek, halabeharrez gertutasunean egin behar diren lanetan gehiengoa direlako; baina gaixotzeko arriskua harago doa, zaintza lanetan aritzeak bestelako kalteak ere badakartzalako, bai behintzat, egun asko aritzen diren moduan aritzeak.

Azken astean Martxoaren 8ko deialdien berriak arriskutik kontatu dizkiote; bilkura handiek egungo egoeran eragiten duten segurtasun eza nabarmendu diote behin eta berriz. Egoera bere horretan mantentzeak dakarren arriskua ez duela inork ikusten ohartu da, ezkutuan geratzen baita. Besteek segurtasun eza ikusten duten tokian, berak taldea eta babesa sumatzen ditu, une batez barruan dituen mamuak uxatzeko aukera, indarra eta arnasa.