Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Udaberria ezegonkortasuna da

Nahiz eta, oro har, jendeak ekaitzak beroarekin eta udarekin lotzen dituen, udaberria da gurean ekaitz gehien izaten den urte sasoia. Zergatik da, ordea, udaberria ekaiztsuagoa?

Udaberria neguaren eta udaren arteko trantsizio fasea da. Jet-stream deritzon korrontea pixkanaka latitudean gora egiten hasten da, borraskei guregana iristea nekezago egiten zaielarik. Horrek, ordea, ez du esan nahi borraskei atea ixten zaienik. Tarteka, guregana gerturatzen dira eta, beraiekin batera, goi-geruzetan aire hotza ekartzen dute. Horri gehitu behar zaio eguzkiari indarra hartzen doan heinean lurrazala berotzeko ahalmena areagotzen zaiola, eta, ondorioz, batez besteko tenperaturen gorakada ekartzen du eta egun batzuetan tenperatura maximo altuak izateko aukera igotzen da.

Goi-geruzetako aire hotzak eta lurrazalaren berotasunak bat egiten dutenean ekaitzak garatzeko proportzioa asko handitzen da. Ekaitz hauek, aldiz, udakoekin alderatuz badute ezberdintasun bat: intentsitatea. Lurrazaleko beroaren eta goietako aire hotzaren arteko kontrastea ez denez udan bezainbestekoa, ekaitz-hodeiek ez dute altuera izugarririk hartzen eta horrek ekaitzak intentsitate baxuagokoak egiten ditu. Udaberrian 6-8 kilometroko altuera harrapa dezakete; udan, 10-12 kilometro edo gehiagokoa.

Ekaitzak gustuko dituenarentzat, beraz, ez dago udaberria baino urte-sasoi hoberik.