Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Basoa bai berde!

Aurtengo udaberri prestu honek ea non dituen ekartzen dakien mesede eta bentajak; hala galdetu didate behin eta berriz Arantzazuko mendion basoaren berde eman zabal-zabala jaso dutenek. Eguzkiak indarra galtzen al du arboladi itxiak beroa gora bidalita? Zenbat eta itxiago zuhaitz jantziaren hostajea, orduan eta zailago du eguzkiak azpi-txoko hori dena bisitatzea, eta basoko freskurak han irauten du, umel mantenduz.

Goizean bezalaxe arratsean, eta berdin gauean, aire freskoa eta umeltasun handia hantxe gorde ohi dira tartean. Ekaineko egun luze eta hain argiotan, hurrengo uztailean bezalaxe, goiz-goizetik ja, basoko hostapeko airea eta lurzoruaren tenperatura 10-12 gradu inguru hantxe daude lasai, gutxi dantzatuz eta apenas aldatuz.

Udaberriko goizetan, edo udazkenetakoetan, zuhaizpe horietan ez da izotzik sartuko; zuhaitzek eutsiko diote gauez altuago den hango tenperaturari. Beste hainbeste hezetasunari dagokionez: egunez altu (galdu gabe) eta gauez tamainan (handitu gabe) eutsiko diote zuhaitz jantziek oreka sanoenean.

Ez da hori bakarrik. Udako egunez, zuhaitz-adar jantzien goi-goiko airea berotzen da eguzkitan, baina gauez hotzago jartzen da. Baina hotz hori beheraka isurtzen da, pixka-pixkaka, adarretatik lurreraino; horrela, basoko lurzorua kanpokoa baino freskoago eta umelxeago gordetzen da gau bero eta lehorretan. Neguan, kanpoko lurzoruko hotzik eta jela-izotzik ezin sartuko da, babes itzela egiten baitiote adar eta enborren aterki eder horiek...