A.U.L.
FUTBOLA

Unbe, Lezama eta Zubietari agurra, Ligako azken-aurreko jardunaldian

Nazioarteko etenaldiaren ondoren, denboraldiko azken txanpari ekingo dio Lehen Mailak. Azken-aurreko jardunaldiak euskal zelaiei agur esango die.

Aurrekoan maila ziurtatu ondoren, Eibarrek Huelvako Sporting hartuko du gaur Unben (11.30). Astebeteko oporrak izan dituzte armaginek, eta eskertu ere bai, azken ahaleginak egiteko lanari berriro heldu aurretik. Iker Dorronsorok zaila dela onartu du, «denboraldia oso luzea izan delako» eta helburua lortu dutelako, baina taldeari «esan diogu dena eman behar dugula zelaian».

Bihar, Athleticen eta Realaren txanda izango da. Zuri-gorriek Sevillaren aurka jokatuko dute Lezaman (11.00, Teledeporte) aste gogor baten atarian, asteartean Bartzelonaren bisita hartuko baitute, atzeratu zen 17. jardunaldiko partida jokatzeko. Hitzordu bikoitza dauka txapeldunak Euskal Herrian, igandean Reala bisitatuko baitu (17.00, LaLigaSports TV).

Ligari dagokionez, interesa jaitsiera saihesteko Betis eta Deportivoren arteko lehian dago.