Amaia EREÑAGA
BILBO

BBK-k areto propioa eta terraza izango ditu Fosterren proiektuan

Bi erakusketa handi urtero eta areto propio bat, 700 metroko terraza batek inguratutakoa, urtero milioi bat euroko ekarpena egitearen truke. Laburbilduta, horixe da BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak hamabost urterako sinatu duten akordioa. Norman Foster arkitekto britaniar ospetsuak museoaren eraberritze eta handitze prozesurako dituen asmoen nondik norako nagusiak jakiteko balio izan zuen atzo sinatu zen akordio instituzionalak.

Zenbait arazori aurre egin ondoren –pandemiak eragindako atzerapenak batez ere– eta egitasmoaren inguruan sortu den polemikaren harrabotsak hor dirauen bitartean –Madrileko San Fernandoko Arte Ederren Akademiak maiatzean sekulako belarrondokoa eman zion proiektuari–, Bilboko Arte Ederren Museoa eraberritzeko eta handitzeko proiektua lehen pausuak ematen hasi da.

Lanak ez dira gutxienez udazkenera arte hasiko, baina Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek prestatutako “Agravitas” proiektuaren lehen zirriborroak “gorputza” hartzen hasi dira. Lanketa prozesu horretan koka daiteke atzo arratsaldean egin zen ekitaldi instituzionala. Izan ere, BBKren eta museoaren arteko lankidetza hitzarmenaren sinadura ekitaldi ofiziala egin zen eta, bide batez, Norman Foster arkitektoak bere taldeak hastapeneko proiektuari egin dizkion zenbait aldaketa esanguratsu aurreratu zituen.

Terrazadun eraikina

Esaterako, hona hemen berritasun nagusienetakoa: Fosterrek terraza bat atera dio eraikiko den gune nagusiari. Fosterren “Agravitas” proiektua, funtsean, gaur egungo eraikinari gehituko zaion “txapela” antzeko bat bezala defini daiteke. Egitura berri horri esker, museoak espazioa irabaziko du modu nabarmenean, zehazki 1.500 metroko erakusketa areto bat eta 700 metro koadroko terraza bat, aire zabalean eta aretoa inguratzen.

Terrazak eskultura erakusketak egiteko balioko du eta, aldi berean, bisitariek bertatik paisaiaz gozatzea ahalbidetuko du. «Hastapeneko proiektuan ez zegoen terrazarik, baina arkitektura ingurukoekin eta bezeroekin sortzen den elkarlanetik eta elkarrizketatik sortzen da –argitu zuen atzo Fosterrek–. Gainera, urrutitik begiratuz gero, egiturak proportzionaltasuna irabazten du horrela, findu egiten da. Gainera, edonork etxe bat erosten duenean, nahiago du beti terraza bat izatea, ezta?».

Erakusketa areto berria ederra izango da, zabala, argitsua oso eta malgutasun handikoa –areto desberdinetan banatu ahal izango da museoak dituen beharren arabera–. Solairu artean dauden hezkuntza eta zabalkunde jardueretarako gelekin idi-begi baten bidez lotuko da. Idi-begi hori baita, izan ere, proiektuaren beste ezaugarri nagusietako bat, argiarekin batera; horren erakusle, museoaren “bihotzarekin” ere konektatuko da.

Fosterrek irudikatuko eraikin berriarekin museoaren sarrera aldatu egingo da –parkera emango du aurrerantzean–, baita  Juan Crisostomo Arriagaren “txokoa” ere –iturria desagertu egingo da–. Eskultura hori eta Chillidarena, museoaren barnera pasatuko dira.

Erakusketa aretoari “BBK Museoa” izena ezarri diote. Xabier Sagredo BBK-ko lehendakariak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak –museoaren patronatuko erakunde partaideen ordezkari legez– atzo sinatu zuten akordioak, 25 urteko lankidetza estuaren ondoren, hurrengo hamabost urtetarako jardun bateraturako ildo estrategikoak finkatzen ditu. Funtsean, atzo izenpetutako akordioa arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren adierazle dela esan daiteke. Museoaren helburua, bere finantzaketa hiru diru iturrirekin bermatzea: BBK-k urtero egingo duen milioi bat euroko ekarpena, programaren garapenak sortutako diru-sarrerak eta beste laguntzaile nahiz babesleen balizko ekarpenak.

Kritikak eta lege urraketak

BBK-k berak 2019an museoa handitzeko egindako arkitektura lehiaketa babestu zuen, alegia, Norman Fosterren eta Luis Maria Uriarteren proiektuak irabazi zuena. Egitasmoak, baina, kritika dezente sortu zituen, batik bat oinarrizko eraikinetan aurreikusitako aldaketengatik. Horren erakusle, mugimendu herritar bat sortu zen museoa babestea aldarrikatuz. Partaideen artean, arkitekto ugari, tartean, Iñaki Uriarte ezaguna.

Mugimenduko kideen aburuz, Fosterren proiektuak «argi eta garbi urratzen ditu lehiaketaren oinarriak» eta, hau da kezkagarriena, baita Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eta ondare historikoa babesteko euskal legedia ere. Ildo horretan, kontuan izan behar Arte Ederren Museoa babestutako eraikin gisa sailkatuta dagoela. Elkarteak salatzen duenez, gainera, Bilboko Plan Orokorra propio aldatu zen Fosterren proiektuari argi berdea emateko.

Urtarrilaren 21ean, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Monumentu eta Ondare Historikoko Batzordeak txosten gogorra egin zuen “Agravitas” proiektuaren inguruan. Bertan jasotzen denez, egitasmoak, euskal legedia urratsez gain, ondare historikoaren espainiar legeria ere urratzen du. Bilboko Udala gogor kritikatzen du txostenak. «Eraikina hirira moldatu beharrean, hiria eraikinera moldatu da. Horra hor hirigintzaren printzipio berri bat».