Asier AIESTARAN
PILOTA

Unai Laso, a zer itzulera!

Sekulako mailan berragertu da profesionaletan eta Peña II.a kanporatu du Nafarroako Lau eta Erdikoan.

BENGOETXEA VI.A 11

PEñA II.A 17


Bederatzi hilabetez profesionaletatik kanpo egon arren, maila apartan itzuli da Unai Laso gorengo mailara. Jakina zen afizionatuetan ederki jokatzen ari zela, baina ikusteko zegoen nola erantzungo zuen atzokoa bezalako hitzordu garrantzitsu batean, eta nafarrak bikain erantzun zuen, benetan ikusgarri.

Hasieratik pilota oso bizi mugitu zuen, eta ezkerrarekin batez ere min handia egin zion Peñari. Joko horri esker 6-1 aurreratu zen markagailuan eta Peña dantzan ibili zuen behin eta berriz. Harmailetan jarraitzaileen animo faltarik gabe, Lasok agintzen jarraitu zuen denbora luzez (8-3, 9-4), baina partida erdialdera Jon Ander Peña gerturatzen hasi zitzaion. Tolosarrak min handia egin zion sakez (bost tanto) eta bere ezkerra agertu ahala neurketa asko parekatu eta gogortu zen.

Hasierako 0-1ekoa izan ezik, markagailuan beti atzetik joan zen gipuzkoarra, baina azkenean 14-15ekoan lortu zuen berriz aurrea hartzea, zabalean bolea eder bat sartuz. Eta gauzak zer izaten diren, txapara alde egin zion pilota batek berriz ere ekimena Lasori eman zion eta zazpi tanto jarraian eginez 21-15era joan zen nafarra zuzenean.

Tarte horretan jokaldi arraro bat ere izan zen, agian Peña partidatik apur bat atera zuena. Epaileak atxiki adierazi zion tolosarrari 17-15ekoan bolea bat zabalean jo zuenean. Bai bera eta bai ikusle guztiak harrituta geratu ziren, eta kosta egin zitzaion egoerari buelta ematea.

Arratsaldeko beste norgehiagoka ere bizia eta gogorra izan zen, nahiz eta azken emaitzak kontrakorik pentsarazi dezakeen. Asier Agirrek bigarren zatian erabaki zuen partida. Bi pilotariek pilota motz-motzean ibili zuten, tanto oso biziak jokatu zituzten lehen erdian, eta Oinatzek garesti ordaindu zuen hartutako tratua bigarren zatian.

Tanto gogor gehienak Agirreren alde erori ziren, eta neke horrek, fisikoak eta seguruenik psikologikoak ere bai, nabarmen erasan zion Oinatzi.