«Inor gutxi utziko zuen hotz, edo epel, sikiera»

Oso argia, polemista, logikan aditua eta politikan gazte garaitik aritua. Jenio bizikoa eta irakasle zorrotza. Abertzalea eta euskaltzalea, gazte garaian Tarzan ezinena jarri zioten militantzian, eta horrela deitzen zioten lagun askok Jesus Mari Larrazabali. Atzo zendu zen.
Nanterreko Unibertsitatean Filosofia eta Ekonomia ikasi zituen, 1968ko maiatzaren ostean. Euskaraz gain, gaztelania, frantsesa eta ingelesa menderatzen zituen. Oso ikasle ona zen, ekonometrian promozioko lehendabizikoa. Finantzen munduan hasteari muzin egin zion (BNPren eskaintza zeukan), baita AEBetan ikerketan jarraitzeari ere. Militantziagatik, bere tokia herrian zegoela erabaki zuen. 1976an Euskal Herrira itzuli eta unibertsitate publikoaren sorreran aritu zen. Lehendabizi UNEDen eta ondoren Zorroagan ibili zen. Kargu desberdinak bete zituen, fakultateko dekanorde eta Logika eta Zientziaren Filosofiako Saileko zuzendari, besteak beste.
Ikerketari garrantzi handia ematen zion Larrazabalek. Euskara baztertu gabe, ingelesez ikerketa egitearen garrantzia hasieratik ikusi zuen, eta bere inguruan sortu zen taldeak ikerketan trebatzeko joera handia zuen. Ildo horretan, ILCLI (Institute for Logic, Cognition, Language and Information siglak ingelesez) sortu zuen eta bertan zuzendari aritu zen. Institutuak argitaratzen duen “Gogoa” aldizkariko zuzendari izan zen. 2017an hartu zuen erretiroa.
Lankide eta lagun Kepa Kortak honela laburbiltzen zuen bere izaera eta eragina: «Inor gutxi utziko zuen hotz, edo epel, sikiera. Ezohiko adimenaz gain, ezohiko pasioa, ezohiko jenioa antzematen zitzaion berehala».
Larrazabal ezkerrekoa eta independentista zen. Zenbait erakunde eta alderditan parte hartutakoa. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu izan zen, Franco hil ondoko lehen Diputazioan, 1979-1983 epean, Herri Batasunako ordezkari gisa. Koalizio abertzalea utzi zuen, baina ezker abertzalean lagunak mantendu zituen. Ziur asko, baita arerioak ere.
2009ko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Eusko Alkartasunako zerrendaburu izan zen Gipuzkoan. 2010eko ekainera arte legebiltzarkide izan zen. Osasun arrazoiak zirela-eta utzi zuen kargua. Ideien defentsan erakusten zuen pasioagatik, erretorikagatik eta eztabaidarako jarreragatik oroitua da parlamentarien eta kazetarien artean.
Ezker abertzalearen eta EAren elkarlanaren alde egin zuen. Bilduren sorreraren ostean, Kutxabank-en batasun prozesua aztertzeko lantaldean lanean ibili zen. 2011ko hauteskunde kanpainan ere parte hartu zuen. Ondoren, EAn eta EH Bildun militatzen jarraitu du.
Azkar gaiztotu zaion gaixotasun batek eraman du.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
