Joseba Salbador
IRURTZUN
Entrevue
Aitor Larraza Cabrera
Irurtzungo alkatea

«Plazaolako bide berdeak ez du jende pilaketa handirik izateko aukerarik ematen»

Irurtzun aurten ere jairik gabe geratuko da, baina Udalak hainbat kultur proposamen egin dizkie herritarrei udarako. Horrekin batera, turismoa bultzatzen jarraitu nahi dute Plazaolako bide berdea eta Aralarko mendilerroa ardatz hartuta, eta artisauen azokak ere berreskuratzen hasiak dira.

Ezertan hasi aurretik, zer moduz joan da urtea zuen herrian osasun egoerari dagokionez?

Abenduan agerraldi bat izan zen, eta herritarren artean baheketa berezi bat egin behar izan zen. Baina, zorionez, azkar moztu zen eta horren ondotik nahiko lasai joan da urte guztia.

Ostalaritza eta merkataritzari dagokienez, Udalaren laguntzarik izan dute?

Bai, iaz erosketa-bonuak atera genituen herritarrek bertako dendetan erosteko, eta aurten mila euroko dirulaguntza zuzena eman zaie ostalariei. Gainera, terrazak jartzeko erraztasunak ere eman dizkiegu. Zorionez, inork ez du negozioa itxi.

Eta nola planteatu duzue aurtengo uda, bigarrenez jairik gabe?

Bai, hala da, joan den urtean bezala, jaiak bertan behera uztea erabaki dugu, osasun egoerak ezinezkoa egiten duelako segurtasun neurriak betetzea. Baina udarako hainbat kultur ekitaldi antolatu ditugu, uztailaren 14tik abuztuaren 13ra bitarterako: zinema kalean, kontzertu txikiak eta antzezlanak. Hori bai, asteburu honetan ez da ekitaldirik izango, jende pilaketak ekiditeko. Eta irailaren 12an Irurtzungo ganadu azoka berreskuratzen saiatuko gara.

Egitarau xumea izan arren, gauetan jende pilaketak izango diren beldurrik baduzue?

Printzipioz ez. Joan den urtean gazteak nahiko lasai ibili ziren eta ez genuen aparteko arazorik izan. Aurten egia da arazo gehiago dagoela beste herrietan, baina horregatik saiatu gara egitaraua jai egun horietatik aldentzen. Aurrerago, sanmartinetan, egoerak hobera egiten badu, saiatuko gara ekitaldi handiagoak egiten.

Une honetan Plazaola Turismo Partzuergoko lehendakaria ere bazara. Turismoaren arloan zer nolako proposamenak egiten ari zarete?

Esan beharra dago Irurtzunek ez duela bilakaera handirik izan turismoari dagokionez. Baina orain dela bi urte Partzuergoan sartu ginenetik, bai, turismoa gehiago sustatzen ari gara eta aurten, adibidez, autokarabana gunea zabaldu dugu herrian.

Eta eskualde mailan?

Alde batetik, artisau ekoizleen azoka ibiltaria jarri dugu martxan, eskualdeko ekoizleek beren produktuak zuzenean saltzeko aukera izan dezaten. Hori dagoeneko martxan dago Basaburua, Imotz, Leitza, Larraun eta Lekunberrin. Bestetik, Aralarko Santutegian informazio gune bat zabaldu dugu Sakana Garapen Agentziarekin batera. Eta hirugarrenik, Plazaolako Bide Berdea sustatzen ari gara, Sarasa eta Andoain arteko ibilbidearen digitalizazio osoa eskainiz, Nafarroako Gobernua eta Basquetour erakundeen laguntzaz. Lehenengo bide berdea izango da aukera hori eskainiko duena.

Eta nola uztartzen dituzue turismoa sustatzeko proiektu horiek azken urtean izaten ari den masifikazio arazoarekin?

Proiektu hauetan guztietan jende kopuruaren azterketa bat egiten da, turismoa jasangarria izateko ezarri behar diren mugak zehaztuz. Plazaolaren kasuan, gainera, kontuan hartu behar da 68 kilometroko bide berdea dela eta ez duela aukerarik ematen jende pilaketa handirik izateko, Xorroxinen edo Urederran gertatu izan den bezala.