M.A.
ORDIZIA
Entrevue
AITOR ESNAOLA
TXIMISTA SAGARDOTEGIA (ORDIZIA)

«Kolpe bat bestearen atzetik jasotzen ari gara»

Sagardotegien sektoreak garai gozo eta oparoak bizi izan zituen osasun krisia hasi baino lehen. Orduz geroztik gauzak errotik aldatu dira. Nola egin diozue aurre egoera berezi horri?

Ostalaritzak, oro har, eta gure kasuan sagardotegiek asko sufritu ditugu osasun krisiak sortu dituen ondorioak. Iragan 2020ko martxoaren 14 horretan erreserbak eta ilusioa topera genituen, eta derrepentean sekulako kolpea jasan behar izan genuen, eta horrekin batera gure jardun guztia etetera behartu gintuzten. Ordura arte generaman martxa eta erritmo ona zapuztu eta pikutara joan zitzaigun.

Zeintzuk izan dira, negozioa bizirik mantendu ahal izateko, aurre egin behar izan diezuen oztoporik handienak?

Behin iazko egoera latza gaindituta, martxa hartzen eta arnasa hartzen hasiak ginela pentsatzen genuen, eta 2020ko uda behintzat salbatzeko moduan ikusten genuen; baina ekainean Ordizian birusaren agerraldi bat izan zen eta horrek sagardotegia berriro itxi eta zerotik hastera behartu gintuen. Pertsonalki, onartu behar dugu kolpe bat bestearen atzetik jasotzen ari garela azken urte eta erdian, eta ahal den heinean bizirauten ari gara zailtasunak zailtasun.

Arestian esan bezala, sagardotegiek garai oparoak bizi izan dituzte iraganean, eta, gainera, euskal gastronomia eta kulturaren erreferente argia dira. Nola ikusten duzu Tximista sagardotegiaren eta, oro har, sektorearen etorkizuna?

Kolpe ekonomikoaz gainera, edo horrekin batera esan dezakegu, kolpe animikoa ere sekulakoa izan da niretzat eta nire inguruko senide, lagun eta lankideentzat. Denbora guzti horretan bizitako egoerari eta ondorioei buelta ematea kosta egingo zaigula esan beharra daukat. Izan ere, egoera ekonomikoa konpondu daiteke erakunde ezberdinen laguntzarekin, baina min morala ez da hain erraz sendatuko.