M.A.
VILLABONA
Entrevue
KARMEN SARASOLA
AMASA KAFETEGIA (VILLABONA)

«Negozioa ireki nahi eta ezin, horixe da bizi dugun egoera»

Itxialdiak, etxeratze aginduak, musukoak… Garai latzak dira herritarrentzat eta sektore askorentzat. Nola bizi izan duzue azken urte eta erdia kafetegian?

Oso gogorra izaten ari da osasun krisia eta horren ondotik etorri den krisi ekonomikoa. Nik, pertsonalki, zailtasun handiekin egin behar izan diot aurre egoerari. Esaterako, denbora horretan guztian kafetegian izan dugun bezero kopurua asko murriztu da, eta, ondorioz, salmentak eta irabaziak ere dezente gutxitu zaizkigu. Hortaz, esan dezakegu inoiz baino egoera zaurgarriagoan gaudela.

Egoera horri buelta emateko inolako laguntza ekonomikorik jaso al duzue gobernu, udal edota erakundeen partetik?

Egia esan, jaso ditugun laguntzak oso eskasak izan dira. Eusko Jaurlaritzaren eskutik ez dugu zentimo bat bera ere jaso. Villabonako Udalak, berriz, eman digu ahal izan duen laguntza, eta hori eskertzekoa da. Bestalde, esan beharra dago sektore ekonomiko batzuek gureak baino laguntza handiagoak izan dituztela, eta, modu horretan, errazago egin ahal izan diote aurre egoerari. Ni, ia babes ekonomikorik gabe eta bezero kopurua gutxituta, kafetegia goizez bakarrik irekitzera behartuta nago, arratsaldean irekitzea ez baitzait errentagarri egiten. Negozioa ireki nahi bai, baina ezin; horixe da bizi dugun egoera.

Krisialdi hau sekula ez dela amaituko ematen du. Gauzak horrela, etorkizuna baikortasunez ikusteko motiborik ikusten al duzu?

Pandemia iritsi baino lehen, uda garaia, behinik behin, nahiko oparoa izan ohi zen Amasa kafetegian. Izan ere, kanpoko edo inguruko herrietako jende ugari gerturatzen da gurera, eta hori beti izaten da berri ona. Lehengo urtean eta aurten, ordea, nabaritu dugu inoiz baino jende mugimendu txikiagoa dagoela herrian. Hala, etorkizunari beldur handiarekin begiratzen diot; izan ere, egoera latz honi buelta ematea nekeza eta zaila izango dela uste dut.