Surflari ernegatua

Apur bat gutxiago falta da amaitzeko

Hasi baino ez dira egin eta jada amaitzeko irrikitan nago. Bai, Olinpiar Jokoez ari naiz. Jada piper hutsa banaiz, egun hauetan are eta pipertuago nago. Ezin ditut jasan surfa kirol olinpiko bilatu dela eta hedabide desberdinetan argitaratzen dituzten erreportaje eta propaganda emankizunak. Eta gertukoekin ere gerra galdua dut, ez didate ulertzen edo ez didate ulertu nahi. Zergatik aldatu behar dugu iritziz selekzio propioa aldarrikatzen dugunok? 

Edonola ere, lehen surf txapelketa olinpiarren berri eman beharko dut datorren astean orriotan eta lehen txandak nola pasa diren ikusten saiatu naiz. Ez dut lortu. Bederatzi klik halako webgunera iristeko, izen emate fitxa bete bestelako webgunean sartzeko, pasahitz bat asmatu, eta azkenean, kaka zaharra. Denbora galdu bai, webgune bateko kudeatzaile gorrotagarriari nire datu guztiak eman eta hala ere ez dut lortu bideo xixtrin bat ikustea.

Kronikak irakuri ahal izan ditut. Espero zen bezala, olatu txarrak eta ikuskizun eskasa orain artean eta hala izango da aurrerantzean ere. Brasildarrek irabaziko dute mutiletan, baina gainontzeko postuetan auskalo zer gertatzen den, halako baldintzetan edonork edozer egin baitezake. Nesken kategorian ere ez dirudi WSL zirkuituan onenak direnek emaitza onak lortzea erraz izango dutenik, esan bezala, halako baldintzetan txarrenak ere emaitza on bat eskura baitezake.

“Citius, altius, fortius” omen da Joko Olinpiarretako lema nagusia. Alegia, «azkarrago, altuago, indartsuago». Nola egokitu daiteke esaldi olinpikoa surfaren kasuan?