Asier AIESTARAN
PILOTA

Lan asko eginda lortu dute bigarren puntua Peña eta Rezustak

Iñigo Bikuñak maila ederra emanda ordezkatu du Zabaleta eta Aimar Olaizolarekin batera 20-18 aurreratu da markagailuan. Urdinek, ordea, azken lau tantoak jarraian egin eta garaipena ziurtatu dute.

OLAIZOLA II-BIKUñA 20

PEñA II-REZUSTA 22


Peña II.ak eta Rezustak Caixabank Masterseko bigarren garaipena eskuratu zuten Laudioko pilotalekuan Olaizola II.a eta Bikuña 20-22 menderatu ondoren. Partida oso borrokatua izan zen, markagailu parekatukoa, eta azkenean gorrien akatsek urdinen alde eraman zutena.

Neurketaren berrikuntza nagusia Iñigo Bikuñaren partaidetza zen. Eskua minduta duen Jose Javier Zabaletaren ordez jokatu zuen atzelari donostiarrak eta ez zen norgehiagoka erraza beretzat, aurrean Rezusta bezalako jotzaile bat zuelako.

Pentsatzekoa zen Bikuñari sufritzea tokatuko zitzaiola, eta horregatik urdinak faborito nahiko argiak ziren hasieran, baina donostiarrak neurketa bikaina jokatu zuen eta bikain eutsi zion erronkari atzeko koadroetan. Pena bakarra, eraman beharreko hiru sake eraman gabe utzi izana.

Atzelarien artean indarrak parekatuta zeudenez, protagonismoa aurrera igaro zen, eta aurreko koadroetan Aimar Olaizola Jon Ander Peña baino sendoago aritu zen. Tolosako aurrelari gaztea asko sartu zen jokoan, ohi duen moduan, baina atzo ez zuen bere egunik onena izan eta huts gehiegi egin zituen. Zortea ere ez zuen lagun izan neurketaren lehen erdian, bizpahiru erremate txapara joan zitzaizkiolako, eta horrek konfiantza gutxirekin jokatzera eraman zuen tolosarra.

Aimar Olaizola, aldiz, oso fin aritu zen. Kontuan izan behar da goizuetarra bezperan Itziarren jokatuta zegoela –irabazi egin zuen 22-20 Imazekin Ezkurdia eta Martijaren kontra–, eta hala ere oso fresko ibili zen errematean, tantoa erraz bukatuz, eta defentsan ere bai.

Osagai horiekin guztiekin, markagailua oso parekatuta joan zen ia une oro. Urdinek lehen abantaila aipagarria 7-11koan lortu zuten, baina gorrien erantzuna azkar iritsi zen eta zazpi tanto jarraian eginez 14-11 eman zioten buelta egoerari. Hortik aurrera, tanto bakarreko aldeak 20-18kora arte.

Hain zuzen ere, 20-18koa aipatzen dugu, Olaizolak ongi zabaldutako pilota batekin egina, gorrien azkena izan zelako. Ematen zuen zailena egina zutela, baina orduan Beñat Rezusta agertu zen eta bergararraren bi tantorekin –lehena ikusgarria, atzetik ezkerrez pilota zabalera irekiz– neurketa 20-20 berdinduta geratu zen.

Eta berdinketa hori apurtzeko, gorrien azken uneko bi akatsak iritsi ziren. Lehenik Olaizolak eta Bikuñak ez zuten elkar ongi ulertu eta ondoren Bikuña bera izan zen pilota erraz bat galdu zuena. Peña eta Rezustak hasiera ona eman diote Mastersari, bitik bi irabazita, eta Olaizola II.ak eta Zabaletak sailkapenean punturik gabe jarraitu beharko dute.

Amaierako adierazpenak gertatutakoaren adierazgarri izan ziren. Olaizola eta Bikuña pozik agertu ziren, galdu arren neurketa ona jokatu zutelako, eta Peña aldiz ez zegoen batere gustura, irabazi arren ez zuelako ongi jokatu. Bi helburuak lortu zituen bakarra Rezusta izan zen, ongi jokatu eta partida irabazi.

Jakak ezin izan du garaipen batekin itzuli

Bi hilabete eta erdi zuriz jantzi gabe egon ondoren, Erik Jaka atzo itzuli zen pilotalekuetara. Lizartzako aurrelariak ezin izan zuen garaipen batekin ospatu itzulera, Urrutikoetxea eta Martijaren kontra 22-17 galdu baitzuen Gatikan jokatu zen Masterseko neurketa.

Laudiokoa bezalaxe, Gatikakoa ere partida borrokatua izan zen, markagailu estukoa, nahiz eta azken emaitzak beste zerbait pentsaraz dezakeen. Une askotan gorriak aurretik ibili arren (9-5 eta 14-12, esaterako), urdinek ere izan zuten agintea markagailuan (10-12an adibidez), eta batez ere berdinketak izan ziren partidaren ezaugarri nagusia: 10-10, 16-16 eta 17-17.

Baina 17-17ko horretatik zuzenean joan ziren gorriak 22ra, azken bost tantoak jarraian eginda. Urrutikoetxea eta Martijarentzat lehen puntua da lehiaketan eta sailkapenean atzoko galtzaileekin berdinduta geldituko dira orain. Aipagarria Julen Martijaren lana, bera ere bezperan Itziarren jokatuta zegoelako.A.A.