Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA
Entrevue
ASIER ALTUNA
ZINEMA ZUZENDARIA

«Cristina Iglesiasen lanari modurik fidelenean jarraipena egitea izan da erronka»

«Hondalea: abismo marino»-k, Asier Altunaren dokumentalak, Cristina Iglesiasek Santa Klara uhartean –kritika ugari jaso ditu Donostiako Udalak sustatutako proiektuak– egin duen interbentzio artistikoaren barrunbeak erakusten ditu.

Zer moduz, gustura, egindako lanarekin?

Bai, nik berez badut fikziora jotzeko joera. Kasu honetan, Cristina Iglesiasen lanari modurik fidelenean jarraipena egitea izan da erronka. Grabaketa 20 hilabetetakoa izan da eta intuizioari jarraiki joan ginen filmatzen. Oso polita izan da proiektua aurrera nola zihoan ikustea.

Enkarguzko lana da; nola sortu zen proiektua?

Bai Cristina Iglesiasek bai Artingenium enpresak –proiektu artistikoaren kudeaketaz arduratu da– prozesu osoa erregistratuta egotea nahi zuten. Hasiera batean, helburua ez zen dokumentala egitea. San Telmo museoan irekita dagoen erakusketarako ikus-entzunezkoa egitea –aurreko proiektu guztietan egin du gauza bera– enkargatu zidan. 14 minutuko pieza egin genuen Cristinak eta biok elkarlanean. Ondoren, geneukan materiala ikusita erabaki genuen hala egitea. Eta Txintxua ekoiztetxean guk geuk ekoitzi dugu filma.

Iglesiasek baldintzarik jarri al zizun aurrez?

Santa Klara uhartean egindako proiektuaz izan zedila lana, eta, egia esan, eskertzekoa da, sortzaileontzat ona da mugak jartzea. Ez du gustuko kamera aurrean egotea eta saiatu ginen bere lanean trabarik ez egiten.

Hiru hanka dauzka dokumentalak: sortzailea eta bere burutazioak; kokapena eta natura; eta interbentzio artistikoa.

Elkar osatzen dute. Hasieratik ikusi genuen natura zein inportantea den Cristinaren obra osoan eta, zer esanik ez, kasu honetan. Itsasoz inguratutako espazioan, baso ia birjina duena, eta ekaitzez jositako espazioan kokatu du. Bere intentzioa bertan dagoen errealitatetik abiatuz fikzioa sortzea da. Jolasa da, azkenean. Eta eraikuntza interesgarria da bere dimentsioagatik. Bai itsasargiaren etxean egin zuen zuloa, teknikoki suposatzen duena, baita bertaraino materiala eramatea ere eta irlan eraikuntza egitea. Hori dena esfortzu titanikoa da eta oso zinematografikoa, alde horretatik. Eibarko Alfa Arte artelanak funditu eta eraikitzen dituen kooperatiba da eta lan horretatik hainbeste langile bizi direla ikusteak txunditu egin nau. Eta lotura zuzena dute naturarekin. Proiektu honetan Jaizkibelgo kobazuloetako haitzen formak eskaneatu dituzte. Dena dago erlazionatuta eta jolas politak gertatu dira.

Cristina Iglesias bisionaria gisa ikusten dut. Santa Klara irlako espazio abandonatu hartan imajinatu zuena aurrera eramateko gaitasuna izatea, interesgarria izango zela konbentzitzea jendea eta dena exekutatzea... Hori da bere lanetik gehien baloratzen dudana.

Muntaketa ez zen erraza...

Bai, material dezente geneukan. Oso eliptikoa da, ez da dena kontatzen, baina narrazioa behar zuen. Muntaia gelan pasa ditugu ordurik gehien. Laurent Dufreche lagun handia dut eta berarekin batera egin dut. Zaila izan da, baina gustura egin dut. Baina benetan-benetan gozatu dut soinu eta musikarekin jolasten. Egin ditudan filmetatik gehien gozatu dudana izango da arlo horretan. Pelikulak asko aberastu nau alde horretatik.

Proiektuak kritika ugari jaso ditu, Donostiako Udalak bertan xahututako dirutzagatik. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak uhartea babestea eskatu zuten. Zer iritzi duzu?

Cristinak bere ibilbidean erakutsi du naturarekiko duen sentsibilitatea. Proiektu honetan ezagutu dut bera eta bere lana. Santa Klarako uhartera joateak, itsasoa zeharkatzeak eta bisita naturaz inguratuta egiteak balio erantsia dauka. Obraren garaian inguruak txikituta egon ziren, baina behin bukatuta kontu handia izan da ia berdin uzten. Utzia zegoen espazioa berreskuratu da eta obra artistikoa dago orain bertan. Nik zinema egiten dudanean ere izaten ditut nire kontraesanak. Merezi du hainbeste diru gastatzeak artea egiten? Ni aldekoa naiz. Badakit, jendea gaizki pasatzen ari garen garaiotan, galdera hori egiten da. Artea inportantea da gizartearentzat. Eta, aldi berean, ofizio asko daude tartean, Alfa Arte enpresa, esaterako, horrelako proiektuak egitetik bizi da. Obra publiko asko agian ez zaizkit egokiak iruditzen, baina artelan bat eraikitzea inportantea da.