Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Garaipena eskaini nahi die zaleei Bilbao Basketek

Gaur arratsaldeko 19.00ak ingurua «arraroa» izango omen da Surne Bilbao Basketeko jokalarientzat, Alex Mumbru entrenatzaileak atzo esandakoari so eginez gero. «Bakarrik aritu gara urtebete inguru eta kostako zaigu berriz ere zaleak bertan izaten ohitzea. Gu bezala, ziur nago zaleak ere kantxetara itzultzeko gogotsu daudela, baina horrek jokatzeko modua aldatuko du. Bai jokalariena, berdin entrenatzaile eta epaileena ere», onartu zuen bizkaitarren entrenatzaileak Basket Zaragozaren aurka jokatu bezperako prentsaurrekoan.

Joan den urteko urriaren 27an sartu ziren azkenekoz saskibaloi zaleak Bilbao Arena pabiloian: orotara, 307 lagun. FIBAren BCL Txapeldunen Ligako ligaxkako aurreneko jardunaldia zen, Turkiako Pinar Karsiyaka taldearen kontra, eta orduko hartan 72-81 galdu zuten «beltzezko gizonek».

Harrezkero, bestelako makina bat ekitaldi izan dira Bilbao Arenan –hala, Miribillako hondoetako bat ezingo da erabili, kontzertuak emateko azpiegitura hor kokatu baitute–, baina saskibaloi neurketetan ez da zalerik sartu ahal izan. Are gehiago, bestelako ekitaldiak egon direla-eta Bilbao Basketeko jokalariek Miribillatik kanpo entrenatu behar izan dute sarri. Gaur arratsaldean, berriz, gutxienez Bilbao Basketeko bazkide guztientzako bezainbeste leku egongo da eta ez zaie, itxura batean, animorik faltako Mumbrurenei.

Bazkideei eta bazkide ez direnei garaipenarekin ongietorria ematea da, beraz, Bilbao Basketen xedea, eta bide batez, 2021/22 denboraldiko aurreneko lorpena egitea.

Lehiakor, baina asko fintzeko

Ez ziren Mumbruren gizonak urruti ibili Badalonako debutean, nahiz eta hobetzeko gauza ugari ikusi Alex Mumbruk atzoko prentsaurrekoan.

«Hanka-sartzeak egin genituen, bistakoa da, baina azkeneraino lehiakor izan ginen behintzat», azpimarratu zuen.

Hori bai, «denboraldiaurrean baino motelago eta energia gutxiagorekin jokatu genuen Badalonan, eta hori, bai, zuzendu egin behar dugu», gaineratu zuen. «Urte zaila datorkigu eta Zaragozaren aurkako partidatik hasita, prest egon behar dugu honi aurre egiteko», zehaztu zuen bilbotarren entrenatzaileak.

Tartean, Andrew Goudelock ere, bilbotarren erreferente izatera deituriko eskolta, izan zuen hizpide Mumbruk. «Badalonan ez zuen ongi jokatu. Joventutek gogor defenditu zuen eta epaileekin protestaka partidatik atera egin zen. Berak badaki taldeko giltzarrietako bat dela, baina taldekideek ere baliatu egin behar dute aurkariengan pizten duen arreta hori», zehaztu zuen beltzezko gizonen entrenatzaileak.

Zaragoza, baliabideak dituen aurkari petrala

Basket Zaragozak ACB Liga Erregularreko aurreneko jardunaldia 98-91 irabazi zion Manresari, Cook eta Yusta min hartuta izan arren.

Horien ordez, Sipahi antolatzailea eta Waczynski hegalekoa lotu ditu talde aragoiarrak. «Kanpotik San Miguel, Okoye, Mobley eta Waczynski ditu; barrutik, McLean, Radoncic, Hlinason eta Vanwijn», aipatu zuen Mumbruk.

Aurkari petrala da Bilbao Basketentzat, izan ere. 21 bider ikusi dute elkar eta horietatik 10 bider izan dira garaile aragoiarrak. Joan den sasoian, adibidez, Miribillan erraz nagusitu ziren: 73-96. Zaleak Bilbon bueltan direla igarriko ahal da!A. G.